TXOFERRA ETA ERRETOLIKA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

TXOFERRA ETA ERRETOLIKA

Zenbat debate, hitzaldi, sermoi, erretolika politiko egunotan, datorren igandeko hauteskundeak direla-eta…! Meza baino aspergarriagoak denak. Hizki-mizki, txutxu-mutxu, txandrio eta erausi, zenbat ele-jario hutsal, harroputz, handi-iritzi…! Hauxe da hedabideetako nartzisismoa, haizekerien feria, putzontzien antzerkia…! Dialektika gutxi eta erretolika franko, dena dugu jakin-zaharra, errepikatua, maiztua: nahikoa da adarrik…! Egia eta esana ez dira auzo berean bizi. Ai ene, jaikiko balira Aristoteles eta Rousseau maisu zaharrak zumezko zigorrak astinduz! Beste kuku batek kaka…

Guztiarekin ere, beste erremediorik ez eta ikus-entzun beharra dago hala gorria edota beltza, nola txuria edota berdea ere. Eta, hauteskunde kanpaina izaki, horretan gaude, nahi eta nahi ez… Halakoetan beti Einsteinen txoferrarena etortzen zait burura, pasadizo xelebre ezaguna; eta barre egiten diot nire buru etsituari. Oraintxe kontatuko dizut. Albertek berak ere sarri askotan kontatzen omen zuen lagunarteko txantxetan; ez, noski, bere bizitzako historia gisa, bere ditxazko istorio modura baizik…

Laster beteko dira ehun urte Erlatibitatearen Teoria argitara atera zuela (1916). Jende jakintsu asko ez zegoen konforme; kontra azaldu ziren zientoka. («Zergatik ehun nire kontra? Batek arrazoi badu, aski da!»). Handik bost urtera (1921ean), Fisikako Nobel Saria eman zioten… Eta ai ene bada!, orduan denek zuten maite, denek ere ondoan nahi… Judua zela eta komeriak, ordea, eta Alemaniako sorlekutik alde egin zuen Frantziara, Belgikara, Bretainia Handira; eta, azkenik, (1933an) Ameriketara.

Garaitsu horietan (Frantzian izan behar zuen, agidanez), bateko eta besteko unibertsitateetatik dei egiten omen zioten hitzaldiak ematera. Autoa gidatzea ez omen zuen oso gustuko eta txofer bat kontratatu zuen. Egunak joan eta hitzaldiak etorri, hitzaldiak etorri eta egunak joan, behin Albert jaunak aspergarria omen zela hura guztia, esanik izango zion txoferrari: «Beti toki guztietan hitzaldi berbera egin beharra, beti kontu bat eta bera… Gogoa galdurik nabil». Eta txoferrak: «Nahi baduzu, gau bategatik, neuk egin nezake zure ordezkoa: hainbeste aldiz entzun dizut zure erretolika hori, neu ere gai sentitzen naiz hitzez hitz osorik errepikatzeko».

Zer okurritu, hura egin. Hurrengo erretolika-aldirako, batak bestearen arropak jantzi eta Albert jarri zen autoan gidari… Hiri berria izaki, inork ez zuen han Einstein bertatik bertara ezaguna; inortxok ez zion, hortaz, kanbioari igarri eman. Txoferrak, hasi eta buka, bururen buru eman zuen hitzaldia, Alberti hamaika eta gehiago aldiz entzuna ziona. Denak kontent. Txaloak…

Akaberan, ordea, entzuleen arteko irakasle batek, gaia zorrotz goldatzen hasita, galdera bat egin zion eguneko hiztunari, galdera berria, egundo aurretik inori inoiz inon aditu gabea. Txoferrak, arraina larrean bezain arrotz, ez zekien nondik atera, ezin asmatu zuen zer demontre erantzun… Berehalakoan, hala ere, taxu eman zion estuasunari, eta: «C’est pas grave –esan zuen-. Oso azalpen erraza du horrek, aizu. Begira, hantxe, aretoaren atzeko partean dagoen gizaseme harexek erantzungo dizu argi asko… Nire txoferra duzu».

Bizargorri, 2015-12-16

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


diciembre 2015
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031