E-MAILARENA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

E-MAILARENA

Gizaseme langabe batek Microsoft enpresara jo zuen lan eske, orain gogoan ez dudan hirian. Bost axola hiriak. Komunak garbitzeko zen lan eskaintza. Idazkari-buruak egin zion elkarrizketa, baita proba batzuk jarri ere; eta, atzenean, baietz.

—Egokia zara guretzat. Lana zeurea da. Egitekoa zuri emango dizugu. Beraz, mesedez, emaidazu zure e-maila. Hantxe adieraziko dizut zehatz-mehatz zein egunetan etorri behar duzun lehendabizikoz lanera, eta zein baldintzatan.

Langabeak, lotsatuta, ezetz; berak ez omen zeukala ez ordenagailu eta ez e-posta elektroniko eta ez, hortaz, e-mail pertsonalik. Idazkari buruak orduan, bost segundoko ez, segundo bateko erantzun automatikoan erabaki zuen di-da:

—E-postarik ez baduzu batere, zu guretzat ez zara birtualki existitzen. Eta existitzen ez bazara, ezingo duzu (nola ba!?) gure enpresan lanik egin. Eta kito.

Etsia hartuta, kale gorrira gizona… Erreka bazter batetik ibilalditxoa egin ondoren, bere patrikako azken sosekin almazen batetik hamar kilo marrubi eder erosten ditu eta, eguerdi-arratsaldez, etxerik etxe, atez ate, saltzen ditu denak ondo. Oso ondo saldu ere: goizean baino ia berrogeita hamar euro gehiago poltsikoan, propina eta guzti. Biharamunean, hiru aldiz egiten du operazio berbera…

«Joiño, hau negozioa! Poz txarrik ez zegok!», eta hurrengo asteetan lau-bost aldiz fruta eta barazki gehiago hartzen du zuzenean almazenetik… Hilabeterako mototxo bat erosia zuen, partiketarako; geroago, furgoneta koskor bat; geroago, kamioia… Mara-mara, egunak aurrera eta lanak aurrerago, bere enpresa sortu zuen gizonak, etxez etxeko salmentarakoa… Urteak ere aurrera egin ahala, hara zer!?, eta eskualde zabal guztian janari produktu enpresa handienetakoa bilakatu zen berea.

Eder-sumak miseriatik kontsolatu zuen noski; baina urteekin batera hamarkada ere aurrera eta, diruak diru, zahartzaroa bistara iritsi zitzaion orduko, pentsio planen bat ere akaso ez litzaiokeela badaezpada gaizki etorriko, okurritu zitzaion. Hainbat eskaintzen artean uxarka, on-iritzi zion bati eta abiatu da aseguru konpainia hautatura.

Behin han, idazkari-buruaren aurrean zela, hau eta hori eta hura, baietz eta ados eta konforme, atzenean eskatzen dio e-maila aseguru-etxekoak gure gizonari. Honek, ezetz, ut!, ut!, puies! puies!, berak ez omen duela egundo e-postarik izan, ezta beharrik ere. Agenteak orduan, harri eta zur:

—Harritzekoa da benetan; harritzekoa denez, koanto! Urte gutxitan halako ahalmen itzela erakutsi komertzioan eta, arranopola!, zuk ez duzu erabili sekula, zuk ez daukazu oraindik e-postarik…!? Ene, bada! Zertaraino ez ote zinen zu iritsiko, zertaraino ez, baldin eduki izan bazendu! Atera kontuak…

—Zertaraino, diozu? –erantzun zion arestiko langabeak-. Atera kontuak…? Microsofteko komunetaraino. Gaur egunean oraindik, kontuak ahalik zuzenen ateratzen hasita, komunak garbitzen jardungo nukeen lanean; komunak garbitzen!

Bizargorri, 2016-01-06

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2016
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031