Zeruan San Pedro eta konpainia zeharo harrituta omen daude azken boladan. Hara eternitaterako iristen zaizkien andre-gizonak, zaharrak eta gazteak, zuriak eta beltzak, ez omen dira kapaz (mendeetan orain artean bezala) elkarrekin hizketan natural hasteko; ez omen dira kapaz bata besteekin elkarrizketan ohiko gisan jarduteko, lagun berriak egiteko. Etsi-etsian, beren bi esku hutsei buru-makur begiratu: besterik ez omen dute egiten desesperazioz. Musuen liburua falta, alajaina; facebooka! Eta Facebook-a ez bada, Youtube-a; eta Youtube-a ez bada, Whatsapp-a…
Eguberriz, Olentzero aieka hauetatik irago ondoko egunean, emaztea eta biok, eguraldi ederrarekin, paseoan genbiltzan Bidasoa bazterretik arratsalde artean argian. Eta eszena ikusi genuen ustekabean, ikustekoa! Hogei eta gehiago gazte, neska-mutil 15-17 bat urteko, batzuk petrilean besteak bankuen bizkarraldean eserita, isil-isilean, bakoitza bere musuen liburuari adi-adi… Han ez zen deusen txintik. Txioren bat tarteka, norbaiten eskuen arteko maxinatik… Ikusteko espektakulua…! Ez zeuden zozoen elean; ez, ahuntzaren lorean; mutuen tutuan zeuden. Lagunen artean lagun bila.
Izan ere, horixe da askoren azkenaldiko jokalegea: txanka, zaldia eta erregea; esan nahi baitu, eta ezin uka: Youtube-a, Whatsapp-a eta Facebook-a… Hori dela-eta medio, hortaz, kontuan hartuta San Pedroren zeruko harridura gaitza batetik, eta andrearena eta biona lurrekoa bestetik, hona hemen lagun-zahar batek e-postaz bidali berri didan kasua. Errepara iezaiozu, irakurreran, parodiaren ironiari pausoz pauso.
«Egunotan lagun bila nabil, Facebook-etik kanpo. Baina, prozedura berbera erabiliz, hori bai. Egunero ateratzen naiz kalera, eta parean tokatzen zaizkidan guztien ondoan jartzen naiz. Eta kontatzen diet zer gosaldu dugun, nola sentitzen naizen, atzo zer egin genuen, geroxeago zer egin-asmo dudan, zer bazkalduko edota afalduko dugun. Baita gauza gehiago ere, inolako estalki gabe, bala-bala… Gure andrearen argazkiak eskaintzen dizkiet, alabarenak, zakurrarenak; baita neureak ere lorategian, piszinan eta abarretan; oporretako bideoak, asteburukoak… Denak ematen dizkiet.
«Beste batzuetan, binaka edo hirunaka edo taldeka ere doazen pertsonen atzetik jartzen naiz itzalgaizka, ondo-ondotik segika. Beren elkarrizketak eta gorabeherak entzuten ditut. Gero, ondoren, aurrez aurre presentatzen natzaie ez-bat-ta-ez-bi, eta esaten diet “atsegin dut”, edo “me gusta”, segun; eta akaberan, arrenka erregutzen diet onar nazatela beren artean, “lagun” izan ote gintezkeen aurrerarantzean; bide batez, arestian entzun nizkien kontuez ere egiten dizkiet nire komentarioak…
«Geroago, eta azkenean, beste pertsona batzuk hartu tertulian non edo han lagun, eta lehenago kalekoei entzun diedan guzti-guztia kontatzen diet zehatz-mehatz…. Eta funtzionatzen du; puntziona. Nola funtzionatu ere, ala fedetan! Dagoeneko, oraintxe bertan, hiru pertsona datozkit atzetik neuri segika. Polizia bi eta psikiatra bat dira. Hala omen dira. Zaragozara ez bada, Santagedara mando zurian eramatekoa omen nago ni, ero-txoro juiziorik gabea, facebooken musuen bila, musuen liburuan lagun bila nabilena; ez omen dut zerura eramateko ere balio».
Bizargorri, 2016-01-13