INAUTERI GAU BAT | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

INAUTERI GAU BAT

Ondo egia da xaharrak ez omen dituela bere kopetako ximurrak ikusten askotan. Eta, xaharrago eta beharrago, neuk ere zerbait egin behar bada eta, Tolosara joan nintzen herenegun, inauteriak aitzakia, gure aspaldiko lagun zaharren arteko “emakundera”, emakumeen arteko bilera edo topagunera. Gaztetan bezala. Senarrari sano asko agindu nion gauerdirako itzuliko nintzela: «Ezagutzen nauzu; nik zer esan, hura egingo; gaueko hamabi-hamabietan, hemen naukazu zintzo. Maiteko zaitut goxo-goxo, laztana…!».

Bai bildu ere, bildu ginen han Tolosan inongo mari-bandera handienak astelenita-rekin; eta andere sasoikoon topaketa edo “bilera” hura ederra izan zen, eaaarrra izan zenez, ala demontre! Txupitoa zela, dantzalditxoa zela, mojitoak zirela…, hitz eta pitz, orduak aurrera-aurrera-aurrera eta ni konturatu ere ez. Kontuak kontu, gauza da goizeko hiruretan ailegatu nintzela atzera etxera, franko gaizki, batere barrengo hotzik gabe, mozkorrik samar.

Etxean sartzerakoan, hara!, salako kuku-ordulariak hiru aldiz jo zuen: ku-ku!, ku-ku!, ku-ku! Senarra hots haiekin esnatuko ote zen kezkaz, badaezpada, bederatzi aldiz gehiago egin nuen neuk ere ku-ku…!; bederatzi aldiz. Erara eta kontent sentitu nintzen derrepente: aitzur handi xamarrarekin zingilipurka etorria nintzen arren, asmatu nuen horratik senarra nola engainatu… Joan ere, lasai ederrean joan nintzen lotara, neure baitarako zeinen azkar eta bizkor jokatu nuen pentsatuz…

Hurrengo goizean, gosaltzerakoan (asteartita-rekin, buruko min!), ea ze ordutan erretiratua nintzen bart etxera, galdetu zidan senarrak, mantso eta bare. Erantzun nion, esandako orduan etxeratua nintzela, gauerdiko hamabietan puntu-puntuan. Gizona, momentuz behintzat, patxadarako zegoen, esne-esnetan. Ez zuen ezer esan; ez zirudien fidakaitz. «Primeran! –egin nuen nire kolkorako–. Salbu naiz…!».

Berak, baina, orduan:

—Portzierto…, gure salako ordulari hori aldatu egin beharko dugu, noski.

Eta ikarati, nondik aterako ote zitzaidan beldur, galdetu-edo nion:

—Baaaiii…!? Zer dela-eta, ba?.

Ez al nion hori esan, senarrak segida-segidan, arnasa hartzeko astirik gabe:

—Beno, bart gauean ordulariak hiru aldiz jo zuen kuku… Geroxeago, ez dakit nik nola, «Kaka zaharra!» egin zuen oihu… Handik hurrena, lau aldiz gehiago jo zuen ku-ku!, ku-ku!, ku-ku!, ku-ku…! Gero, pasilloan botaka egin zuen… Gero, beste hiru aldiz ere jo zuen ku-ku!, ku-ku!, ku-ku…! Gero, barre-algara ezin disimulaturik ibili zen dinbili-danbala, eta ku-ku! egin zuen berriro… Zipirri-zaparra batean salatik atera zalapartaka, katua zapaldu, izkinako aulkitxoa jo eta kuadro bat jaurti zuen lurrera… Halakorik batean, nire ondoan etzan zen, azken kukua joaz: «Ku-ku!». Trumoi antzeko puzker luzea bota eta seko lo hartu zuen… Aski duenak ez du gehiagoren beharrik: kuku asko eta… kaka!

Bizargorri, 2016-02-10

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


febrero 2016
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
29