Azken hilabeteotan, siriarren (eta abarren) Europa alderako ihesean, sarritxo datorkigu notizia larriren bat, gertakari tristeren bat (itoa dela, gosea dela, hotza dela), mafiak eta mugak eta komeriak tarteko. Egunero badugu zerbait zirrara lazgarri: azal beltz-beltzaranak gorriak ikusten auzo-herri zurietan. Zirraragarriena eta latzena, ordea, izan da, iheseko zarraparra iskanbilatsu horretan, hamar mila haur eta gaztetxo hartu eta eraman dituztela auskalo nora, auskalo nork, auskalo zertara… Sinesteak ere lanak ditu, hogeita bat garren mendean, Europako atarian!
Alabaina, ez da tragedia berria. Urrutira begira jarrita, jakina da Argentinako diktadura militarrak, gerrako harrapakin gisa, alehunka umetxo lapurtu zituela; asko, ama erditu berriei titia emateko ere astirik gabe kenduta. Urrutirago begira, berriz, Australiako demokrazia (sic) zuriak askoz ere haur gorri gehiago lapurtu eta ohostu eta ebatsi zituen, legearen babesarekin, ehun urte luzez. Erraz esaten da. 2008an, orduko lehen ministroak barkamena eskatu zien indigenei, azal-larru belzkarakoei, zergatik?, eta estatuko agentziek eta kristau-elizek beren umeak nahi beste kendu zizkietelako, zertarako?, eta zurien familietan sakabanatzeko, zer egiteko?, eta ohitura basatietatik atera eta zibilizatzeko (sic). Beltzak zuritzeko, alegia. To…! Horra kristau zurien karitatea.
Haatik, gertuago ere eman izan da halakorik, halakorik eman izan denez gertuago ere, alajainkoa. Eduardo Galeanok “Egunen semeak” liburuan, gaurko egunez, halaxe dakar gure hurbil-hurbileko historia puska bat: «Otsailak 15: Espainiako Francoren psikiatra gorenak esana da “marxismoa omen dela patologia mentalaren eredu maximoa”. Kartzeletan ama errepublikanoen jokaerak aztertu omen zituen, eta, “instintos criminales”, sen gaizkilea omen zeukaten, instintu kriminala.
«Marxisten degenerazioak eta amen kriminalitateak mehatxatutako arraza iberiar puru-purua babestearren, milaka haur jaio berri eta ume kozkor, guraso gorrien seme-alabak denak, bahituak izan ziren eta kristau “zintzoen” besoetara entregatuak, gurutze eta ezpatarekiko familia elizkoietara.
«Nortzuk izan ote ziren ume haiek? Nortzuk ote diren gaur egun, hainbeste denboraren ondoren, hirurogeitaka urte geroago? Joan eta bila… Ez dago inolako moduz jakiterik. Izan ere, dokumentu faltsuak asmatu eta atera zituen lege-legera diktadura frankistak; ordena eman ere zuen, gainera, ahantz zedila guztia. Haur izandako haien aztarrenik, beraz, ez da. Diktadura frankistak, hortaz, haurrak lapurtu ez ezik, memoria larrutu zuen». Galeanok esana.
Memoria berriz ere… Beldurra eragiteko moduko egoerak, hala aspaldikoak nola gaur egungoak ere… Urrutikoak eta gertukoak… Diktadurak eta demokrazia… Estatu Islamikoa eta Estatu Indarkeria eta Eliza Inkisidorea… Kontu zaharrak diruditen arren, antzinako hitz horien oihartzunak oraindik ere bizi-bizirik daudela ematen du. Lehen: marxismoa, masoiak, gorriak; orain: independentzia, alka-eta, marra gorriak… Hilak ez dira berpizten, baina bai zaharrak berrizten… Haurrak, etxean; beldurrak, airean; memoriak, min.
Bizargorri, 2016-02-17