TXILIN-TXILIN. Hamabi apaizgai, munduan beste hamaikatxo bezala, betirako apaiztu nahi zutela-eta, azken proba gaitzean ipiniak izan ziren. Hara zer izan zuten gainditu beharrekoa: guztiak konbentu ondoko parkean jarrarazi zituzten larrugorritan zutik; eta behin ilaran jarriak zeudenean, neskatxa sexy exotiko ederrez hornitu batek sabel-dantza saioari ekingo zion, banaka-banaka, guztien aurrean, lizun-kizun, gori-guri; larru-hutsik hura ere, bistan da.
Horretarako, apaizgai bakoitzari zintzarri txiki bat lotu zioten aurretik pitilinean, zakil buruan. Bai garbi asko adierazi ere, baldin dantzariari begira inori zintzilikarioak txilin-txilin egingo balio, halakoa ez zela apaiztua izango, in sæcula sæculorum, horrek aditzera emango omen lukeelako, ez zela noski beharrezko araztasun espiritualera iristeko kapaz.
Beraz, bada, parkea berde-berde, apaizgaiak larrugorri, hara non hasten duen, dinbili-danbala, neska gazte eder katxarroak bere dantza… Mutil guztiak zeuden alde berera begira, bata bestearen atzetik metro pare banatara edo, gutxi gorabehera… Musikarik ez zen; pinpinak txor-txor, iturriak bor-bor, hostoek firi-firi…
Ilaran atzenekoaren aurrez aurre hasi zen dantzan kitzikagarri neska panpoxa lehendabizi… Apaizgaiari larruak ez zion erantzun. Azken-aurrekoaren musuz musu ekin zion hurrena dantza gozoan… Hari ere ez zitzaion ezertxo harrotu… Eta hala, atzetik aurrera banan banan, hirugarren, laugarren, bosgarren eta gainerakoekin: dantzak dantza, inori ez zion zakilak zirkinik ere egin! Harritua bezain kontent zen priorea, «hau duk hau kalitatea!» bere kolkorako eder-begira eginez.
Dantzari polita aurre-aurreko azken apaizgaiaren parera iritsi orduko, ordea, lehen dantza-mugimenduarekin batera, hara non hasten den zalapartari haren zintzarria txilin-txilin joka! Hainbesteraino ere, non, dingilin-dango batean, lurrera erori baitzitzaion kanpaitxoa. Lotsa-lotsa eginda, lurretik jasotze aldera, makurtu egin zen mutila… Eta atzeko zintzarri guztiak hasi ziren orduan txinlin-txilinka, gogotik!
************
TXORITXOA. Apaiz txori-zale batek hamabi txori zeuzkan etxean. Egunero askatzen zituen, hegan egin zezaten libre; eta aldian aldiro itzultzen ziren denak beren kaioletara. Egun batean, baina, hamaika bakarrik etorri zitzaizkion bueltan. Herrian baten batek ikusia eta jasoa izango zuelakoan, hurrengo igandeko meza garaian, pulpitutik biziki interesatuta galdetu zuen gizonak:
—Zeinek du txoritxo bat?, –eta gizaseme guztiak zutik ipini zitzaizkion…
—Ez didazue entenditu: ea zeinek ikusia duen txoritxo bat…, –eta emakume guztiak zutitu zitzaizkion…
—Ene, bada! Ezetz, ezetz… Esan nahi dudana zera da: zeinek ikusi du eta jaso du nire txoritxoa!?, –eta elizan zeuden moja guztiak, bost, jarri ziren zutik.
Bizargorri, 2016-02-24