Dublineko O’Connell kalean zebilela, aita Rafferty-rekin egin zuen buruz buru, halabeharrez, Donovan andereak. Nola da, bada, han ibaitik goraxeago Santa Maria Katedrala (Rotunda Hospital esaten zaio), ama-etxetzat ere erabiltzen dena; bada, haretxen parean, behean, Starbucks-en, River Liffey-ren ertzean.
Aitak egin zion harridura onean diosala lehendabizi:
—Egun on Jainkoak. Zu ez al zara orain bi urte neuk ezkondua? Donovan anderea, hain zuzen; ala…?
—Beinke. Neu nauzu, bai; halaxe da.
—Eta…? Jendea zertara hasten den izaten da-eta, seme-alabarik izan al duzue dagoeneko, edo…?
—Ez, ba, aita Rafferty. Oraindik ez. Bion lanak eginda gaude, baina…
—Beno, datorren astean bertan Erromara noa. Eta, nahi baduzu behinik behin, kandela bat piztuko dut zure eta zure senarraren izenean…
—Ene, ba, aita! Eskerrik asko, aurrez. Eskerka urturik egongo gatzaizkizu biziko garen gure denbora guztian…!!
Eta bakoitzak bere bidean aurrera segitu zuen tipi-tapa…
Handik urte batzuetara, aurrez aurre egin zuten topo biek uste ezik berriz, O’Connell kalean bertan, goraxeago, beheraxeago. Horrek ez du, baina, gorabeherarik.
—Donovan anderea, aspaldiko. Hau poza…!
—Bejondeizula zuri ere, aita Rafferty. Hemengo aldi…?
—Bai, hemen nauzue berriro, aspaldiko partez, Erromatik behin betirako bueltatua… Eta zuek zer moduz? Zer moduz zaudete orain etxean…?
—Ondo esan beharko. Egunari berea emanez; hemen ziri, han mara, itoka beti.
—Eta…, esaidazu…, umerik izan al duzue edo…?
—Oh, bai, aita Rafferty. Bai, bai… Bixkiak hiru pare eta beste lau haur gehiago. Guztira, hamar seme-alaba.
—Hamar, alajainkoa! –apaizak mira-mira eginda, begiak harri bi.
—Hamar, bai, hamar. Etxea ez ezik, auzoa bete haur ere bada orain gurean.
— Hori da hori miraria! Adoratzen eta bedeinkatzen zaitugu, Aita zerukoa…! Eta…, zure senar maitatia zer? Nondik nora dabil…?
—Erromara bidean da. Erromara bidean, ea zuk han behin piztutako kandela malapartatua itzaltzen duen behin betikoz!
Bizargorri, 2016-03-02