Erositako prezioetan salduko dizut historia, neuk jasotako hitzetan kontatuko pasadizoa. Sinestea libre duzu; hor konpon. Ormaiztegin, Joxe deituko dugun gizon bat aspalditio ari da Irizar kooperatiban lanean; irabazi politak eginez, gainera, hilean hilean: beharra ozpin, ederra mozkin… Autobus berrien karrozerian ariki, txapista oso abilaren fama darama berarekin, enpresan bezala herri guztian ere: ona mutila berean.
Kontua da, urteak aurrera joaki, Gipuzkoako Goierriko (bere ustez) erreka zulo ziztrinean sortu eta sartu eta zertu hartan itorik, errenditurik, mundu zabal handia ezagutzeko gogo-bizia piztu zitzaiola. Martxoa zen. Lankideak eta etxekonekoak hasiak ziren ordurako, aste-santukoak ez ezik, baita udarako oporrak ere antolatzen: «Gu, moteil, Karibeko hondartzetara goazek… Gu, Argentinako txitxi-parrilak ezagutzera… Gu, Londreseko pub eta dendetara… Gu…».
Joxek, orduan, txit firme, erabaki zuen ez zela hainbeste urtetan bezala herrian mozolo tonto geldituko, ezta deskuidatuta ere; nora edo hara egin beharra zuela jira; mundu guztiko tokirik politenera, albait, zer kristo gero…! Asko bidaiatzen zuen lagun bat bazuen koadrilan eta harengana jo zuen isil-gordean. Ea zer egin behar ote zuen oporlekurik onenaren bila hasteko, galdetu zion behin Arananeko barra baxterrean. Eta onena, erantzun zion lagunak, Zumarragako bidaia-agentzia batera joatea izango zuela, noski; hantxe eskainiko ziotela-eta informaziorik fidagarriena. (Zumarraga edo Urretxu ote zen, nire kontakatiluak ez zekien oso seguru; baina tira, igual dio).
Ostiral gaua zen hori. Hurrengo goizean bertan, bere autoa hartu eta berehala joan zen lagunak aitatuko agentziara. Behin han, bazen hango mahaietan ordenagailua eta papera ugari, baita hormetan argazki eta iragarki franko ere, franko bazenez, alajainena! Txanda tokatu zitzaionean, larruzko aulki batean eserrarazi zuen gure txapista abila gizaseme betaurrekodun ile-zuri batek. Ea zer nahi ote zuen, bada… Eta: «Munduko oporlekurik onena nahi dut –bota zion plasta Joxek-; hilabete pasatzeko inon denik-eta parajerik onena».
«Onena, onena… Onena, onaren etsai duzu! –esan zion enplegatuak, beste ezer baino lehen–. Edozein moduz ere, zatoz datorren zapatuan eta…, ikusiko dugu…, neuk esango dizut zein izan dezakezun zuk opor tokirik aproposena». Aio; eta aio.
Joan da hurrengo larunbatean eder suman bidaia-agentziara berriz, deitu dio aurreko eguneko gizaseme ile-zuriak eta: «Hara; azterketa sakon zehatza egina dugu zuretzako oporlekurik onenaren bila. Eta honatx, hauxe duzu. Ordu erdira, hortxe-hortxe, plaiarik ederrenak daude; jatetxerik bikainenak, munduan famatuenak; mendi-ibili zoragarriak; lau aireportu; bost hiri aberats; komertzio-denda dotoreak; gainera, klima epel-goxoa beti; bakardadea eta bakea, nahi izanenean; gainera, ez duzu faltako museorik, urbeltz sendagarririk, monumenturik, bainuetxerik, pertsonaia historikorik, ehize-leku eta onddo tokirik… Zer ez, zer ez duzu izango hor zuk, gozatzeko…!?».
—Non da, non, halako txoilorik…? –Joxe txapistak gogoa bero-bero.
—Horra, esango dizut, ba. Ormaiztegin!
Bizargorri, 2016-03-09