Joan den igandean ere, egunero bezala, gosaldu ondorengo nire lehendabiziko lana, egunkari pare bat leitzea… Gipuzkoako Noticias hartu nuen bat. Eta, nire artean, erabaki nuen, zekarrena zekarrela, albiste-zutabe-artikulu sorta hartatixe atera behar nuela, halaz edo holaz, gaurko nire blogerako idazlana. Eta honatx. Lau nituen aukeratu, laurak azpimarraz josi, laurak bat bakarrera bildu.
Bat. Irene Cormenzana. Lekunberrin bizi den andrea, 20 urtez “SOS Balkanak” babes-taldean jarduna, dagoeneko begien distira mindurez galduxea omen duena. Eta hala dio, hitz laburretako mezu luzetan: «Gerra da gizadiaren dezepziorik handiena; etsai bat baduzula sinestarazten dizute aurrena, harik eta egia bilakatzen den arte gero; zein erraza den pertsonak piztia bihurtzen; etxekona etsai ikustea latza da: neskak ezagutu ditut eskolako mutil lagunek bortxatuak…; hasieran dena da propaganda, manipulazioa, arrisku faltsuak asmatzea, zabaltzea, haizatzea…».
Bi. Pablo Muñoz. Ig. Sánchez Cuenca doktorearen «La desfachatez intelectual» liburua aipatzen du eta gomendatzen. Intelektual subentzionatu espainiar lotsagabeen artean dakartza Fernando Sabater, Jon Juaristi, Jiménez Losantos, Mikel Azurmendi, Félix de Azúa, Aurelio Arteta, Antonio Elorza, Carlos Herrera eta abarren abarra; PCE, GRAPO, ORT, ETAn ibiliak batzuk; Egin, El País, Diario 16n idatziak beste batzuk…; potroetan jarritakoa esaten omen dute, lasai demonio, axaleko ideia kaxkarinez beti, beti larderiatsu, beti inpunitatez, beti etsai bila, beti gerra soinuko adarrean…
Hiru. Miguel Sánchez-Ostiz. Espainiaren miseriaz dihardu (labana-zale profesionalez: El País, ABC, La Razón…, guztiak ere mer-mer marraka); koroaz eta monarkiaz (handiusteko txotxongilo buru motzekoez); sistema ustelduaz (kargu politikoen negozio zikin, ustelkeria, konplotez), herri zaratatsu, zezenzale, mirarikoz; pribilejiatua ez den jendearen kontura lotsarik gabe barre eta iseka egiten ari diren jaunskilez eta andrandiez; ezin eramanezko ukiezinez; konplizitate mediatikoaz…
Lau. Txomin Garmendia. Mikel Atxaga zenaren «Joxintxio gudaria» Auspoa-ko liburu argitaratu berriaz ari dela dio: «…, erruki danak galdu ziran ta, indartsuena gogorren, baztar guztiak erre-kiskali, arnasik hartu baino len; gaurko gizonan jakinduria orra zertara datorren». Eta: «Jende arroan agindu naia, berenen ta besteenean, odol-kutsua besterik ez da, akulluko eztenean; errurik ez dun gizarajoak pagatzen du azkenean». Eta, amaitzeko: «Gerra guztiak izango dira txarrak, baiña emen izan gendun anaiartekoak ez du azkenik». (Sic).
Horra joan den igandeko egunkari batetik apartatuak. Ez esan niri, gero, goizeko kafearekin irakurtzekoak larriak ez direnik. Egunero. Gerra guregandik badirudi urrutian dugula, zorionez; hala eta ere, gerra soinuko adarrak ez dabilzkigu apartean. Gobernu zuzen demokratikorik eza, bele beltzak zelatan, militarrak atezuan, elkar galduka jardun behar gogaikarria, hedabideen mizto gaiztoa, Espainia bat eta kito, gu nagusi bestela muturrak hautsi, batere zigorrik gabeko hainbesteren lapurreta sistematikoa, sistemaren beraren ustela… Ez nuke hemen zoritxar-iragarle agertu nahi, baina goizero-goizero egunkariek harri-pikaturik uzten gaituzte. Ni neu bai, behintzat.
Bizargorri, 2016-03-16