OILOAREN FABULA MODERNOA (I) | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

OILOAREN FABULA MODERNOA (I)

Oilo batek behin gari ale mordoska bat topatu zuen. Auzoa jo, eta bildu zirenei esan zien: «Gari aleok ereiten baditugu, ogia izango dugu jateko. Zuetako nork lagunduko dit garia ereiten?». Eta «Nik ez, behintzat; hara bestea!» –esan zuen behiak. «Ezta nik ere; badut aurreragoko lanik» –adierazi zuen ahateak. «Ereiten lagundu nik…? Baita zera ere!» –furrustatu zuen txerritxoak. «Nik zer esanik ez; are eta gutxiago!» –amaitu zuen antxumeak… «Neuk bakar-bakarrik erein beharko dut, hortaz» –erabaki zuen oiloak. Eta…, esan eta egin!

Garia erne zen, hazi zen eta, heldu ere, heldu zen hori-hori. «Zuetako nork lagunduko dit orain uzta biltzen?» –jakin nahi izan zuen oiloak. Eta: «Ez nik; nik badut jada gutxieneko soldata bermatua», ahateak. «Ez da hori nire egitekoa; baina, ezkutuan ordain-saria ematen badidazu…», txerritxoak. «Hainbeste urtez zerbitzuko lanetan ibili eta gero? Ezta pentsatu ere!», behiak. «Nik, badaezpada ere, ez dut langabeziaren diru-ordaina arriskutan ipini nahi», antxumeak. «Uzta neuk bakarrik bildu beharko dut, hortaz…», etsi-etsian oiloak. Eta…, esan eta egin!

Azkenean, iritsi zen garia errotan irin, irina etxean ore, orea labean ogi bihurtzeko sasoia ere. «Zuetako zeinek lagunduko dit ogia egiten…?», oiloak. Eta: «Ni eskolatik iheska ibili nintzen beti, eta ez nuen halako txorradarik egiten ikasi!», esan zuen txerritxoak. «Nik ezin dut nire gaixo-pentsioa arriskatu; horixe polita!», segitu zuen ahateak. «Baldin, dirudienez, laguntzeko beste ezertarako ez bada, agian hori diskriminatzailea izan daiteke», murmurikatu zuen antxumeak. «Sos batzuk eskaintzen badizkidazu…», zirika behiak.

Orduan, oiloak berak bakar-bakarrik, zer erremedio!, garia jo, gari aleak errotan eho, irina legamiaz eta abarrez ore bihurtu, labean opilak sartu eta erre…, denborarekin, lanaren poderioz, bost ogi eder lortu zituen guri-guriak. Gero hurrena, zumezko saski batean paratu zituen dotore asko, auzo guztien bistan, nahita. Bat-batean, zer?, eta den-denek nahi omen zutela ogi hartatik, guztiek ere ogia nahi omen zutela; emateko eta emateko…! Lañoki, argi eta garbi esan zien oiloak: «Ez, ez! Ogiok neuk jango ditut bakar-bakarrik!».

«Lukurra halakoa!», adierazi zuen makakorroka behiak. «Izain kapitalista madarikatua!», ahateak karranka. «Guztiontzat eskubide-berdintasuna aldarrikatzen dut!», antxumeak marraka. «Bakea, Ogia eta Hezkuntza, denontzako dira! Herriak betidanik izan ditu bere eskubideak!», txerritxoak kurrinka, muttur-luxe… Hori guztia aski noski ez, eta pankartak margotu zituzten auzoan, kartel handiak inprimarazi: «Injustizia!», «Faszista!», «Herriko ogia lapurtzen!», «Herriarena gurea da!», «Nire eskubideak nahi ditut!». Eta oiloaren kontrako protestan ujuka atera ziren auzokoak plazara, itsuskeriak esanez, nabarmenkeriak hots eginez, orotariko irainak eta ez-esatekoak jaulkiz; guztiak ere, jakina, oilo bizilagunaren izen ona lohituz.

            (Ez da honekin fabula akabatzen, ezta gutxiagorik ere. Datorren asteko asteazkenean, hementxe bertan, JARRAITUKO DU, jarraituko duenez, gure oiloaren atarramendu gaitzak).

Bizargorri, 2016-03-30

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


marzo 2016
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031