DOKTOREA ETA DOTOREA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

DOKTOREA ETA DOTOREA

 

Urte askoan medikuntzan jaun doktore gogotik ibili ondoren, jubilatu zen gizona. Jubilatu eta aspertu, dena bat-bera harentzat: aspertu egiten zela gizona, ezeren martxarik ezean, aspertu! Beraz, eguna joan eta eguna etorri alferrik eta ezerezean, kontsulta pribatua zabaldu zuen bizi zeneko auzoan bertan, honako kartel xelebrea atariko atean jarrita: “Ondo dakien doktore jubilatuak hain justu, sendatuko zaituela apustu. Baietz zure gaitzetatik nik hustu! (300€). Bestela, zure patrika neure kontura zuk puztu! (500€)”. Auzo hartantxe mediku gazte bat bizi zen, txoriburu puztua. Grazia eginik izango zion kartelak, eta, bere artean: «Adarra jo behar zioat mediku zaharkote horri!». 500 € ez baita txantxetakoa kontua. Pagotxa irabazteko esperantzan, hilabetera, goiz batez joan da dotore, atea jo du kax-kax eta sartu da barrenera…

Behin biak despatxuan aurrez aurre, mediku gazteak faltsuki hala esanik izango zion: «Agure doktorea, hau zoritxarra! Gauetik goizera dastamena erabat galdu dut: mingainak ez dit deusen gusturik hartzen.  Zure premia larrian nauzu. Lagunduko al didazu, mesedez?». Eta doktore zaharrak: «Erizaina, zatoz. Ekar iezadazu 22. tiraderako botika, faborez… Erdiz erdi datorkio eta hiru tanta botako dizkiogu…». Baita gazte dotoreari tantak mingainera bota ere. Honek, berehalakoan: «Aajj, hau nazka! Gasolina da eta!». Ondo zekien doktoreak orduan: «Bejondeizula. Errekuperatu duzu dastamena. Hirurehun euro zor didazu: bota, bota; ekatzu, ekatzu…».

Burla-haizeak bare, mutur eginik atera zen gaztea. Bi hilabetetara, lehen baino ere dotoreago, kapela hegal-zabala jantzirik: «Aitona xahar txotxolo horrek ez zidak niri adarrik joko» bere artean egin eta, galdutako sosak atzera patrikara itzuli nahian, joan da berriz, jo du atea, sartu da erabakimen handiz. «Egunon, agure doktore. Hauxe da abelera tristea: memoria erabat galdu dut; deus ere ezin gogoratu; errukarri nabil, ai ene bada!». Eta doktore zaharrak: «Erizaina, zatoz. Ekar iezadazu, faborez, 22. tiraderako botika… Hiru tanta botako dizkiogu…». Eta: «Bai zera!? Ezta pentsatu ere: hori gasolina da!». «Bejondeizula, gazte –doktore zaharrak–. Garbi dago memoria errekuperatu duzuna. Hirurehun euro da kontua; bota, bota; ekatzu, ekatzu…».

Haserre, gaztea. Seiehun euro zeramatzan dagoeneko inoxente galduak. Baina, temati petrala izaki, hiru hilabetera, betaurreko beltzekin, makulu eta guzti, dotore jantzita, dena emana, bostehun euro nola-hala patrikaratu nahian, joan da hirugarren aldiz ere. Atea jo eta sartu da; umilik, buru makur… Despatxuko mahaian behin biak jarriak: «Hau da zorigaiztoa nirea; ez dut gauza onik: bista galdu dut; apenas ezer ondo ikusten dudan. Gaitz izugarri hau nolabait ere konponduko bazenit, mesedez…». Eta doktore zaharrak orduan: «Gazte…, sentitzen dut, ba. Itsumenaren kontrako botikarik ez dut, horra. Ezin senda dezaket halako gaitzik nik. Beraz, tori bostehun euro, aginduta daukadan bezala. Tori…». Eta hamar euroko billete bat luzatu zion eskutik eskura. Kexu agertu zen gazte dotorea agudo, barre-murritzez: «Baina, baina…, horiek hamar euro besterik ez dira eta!». «Bejondeizula! –doktore zaharrak–. Ikusmena ere errekuperatu duzu, hortaz. Sendatu zaitut berriro, alajainkoa. Bota, bota hirurehun euro, ekatzu, ekatzu… In nomine patrika!». Haizeak eta lainezak majo otxanduta joanik izango zen gazte dotorea etxera, sekula atzera ez itzultzeko, noski.

Bizargorri, 2016-05-04

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


mayo 2016
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031