Aurtengo udaberri euritsu lardatsaren ondoren, uda aurrera doa dagoeneko eta, hala ere oraindik, egun eder eguzkitsu bakoitzeko, hiru-lau muxin lainotsu tokatzen ari zaigu euskal herriotan, errekoño. Edozein moduz ere, ikusi besterik ez dago, datorren abuztuko oporrak baino dexente lehenago, jadanik larruazala majo belzturik daramanik hamaika badabil kalean harro asko. Beste irundar ttantto-falta hura bezala, zokor-mazoa halakoa…
Aurreko batean bertan, ohetik jaiki berri, horman goitik beherainoko ispiluaren aurrean jarrita, ikusi zuen beltzaran kolore politekoa zeukala gorputz guztia. Gorputz guztia, salbu…, ai ene, azpiko txoria! Zakila izan ezik, alegia. Nabaria zen, izan ere, diferentzia larrutik adarrera, diferentzia nabaria zenez. Eta gizaseme kokolo irundarra derrepente deliberatu zen bere akats hura (ezkutukoa, baina akatsa) lehenbailehen erremediatzera, nola edo hala, aurrekalde ona egiteko.
Ezaguna zuen Hendaiako itsasbazterrean, bi Dunbarrietatik hurbil, kala txiki-txiki gorde-ezkutu bat, bainulari normalengandik apartean. Haraxe joan zen, gaur zortzi hain juxtu, eguerdi aurrean, aste buruzurian hara kristaurik arrimatuko ez zelakoan. Behin han, arropa guztiak kendu, hondarretan zulo luze bat egin, pittittoz gora etzan eta harea arinez estali zuen soin osoa, “zera” ezik; baita aurpegia ere, zapi bat gainean ezarririk. Eguzkitan, noski, hego errearekin. Hantxe zegoen zozo-gozoa hondarpean, haurrak landatzeko lanabesa bakarrik kanpora aterata, agerian…
Hartan, tirriki-tarraka, hara non agertzen diren bi atso, ez nondik eta ez handik. Belaunak baino begiak azkarragoak izaki, berehala bistaratu zuten buztan makotua hareatzan. «Jontxe! –esan zuen batek arra beteko aho zabalik–. Hahor tinta zuriko boli gorria. Belar gaiztoak, zainak luze-oker, alajaina». Eta: «Hamaika ikusteko jaioak gaitun», besteak, dena begi. Lehenengoak, makulua baitzeraman euskarri, makila muturrarekin ukitu batzuk egin zizkion buztan motzari… Eta tentetu egin zela, zera, tentetu odolkia! Beste gainerakoan, hondar pila azpi guztiak ez zuen zirkinik ere egin.
«Mundu hau ez dun zuzena, emakumea…», esan zion makuludunak lagunari. Eta honek: «Ez zeukan, ba, taju txarrik. Zergatik dion hori?». Eta erantzuna parrastadan pronto: «Hara bestea, berriz! Aditu-idan. Hogei urte nituenean, zera hori ikusteko amorratzen nindunan. Hogeita hamarrekin, gozatu egin ninan, gozatu. Berrogeirekin, gero, galdu egin ninan. Berrogeita hamarrekin, hurrena, amestu egiten ninan. Hirurogeirekin, hurrenago, erreguka eskatzen ninan. Hirurogeita hamarrekin, halakorik zenik ere; ahazturik neukanan erabat; ahazturik kuanto. Eta hara!, orain, laurogeirekin… natural-natural ernetzen hasi ditun edozein bazterretan, eta ni… makurtu ezin!!! Atarramentu onik atso zaharrak ez din».
Eta, tinkulun-tankulun, biak atzera etxera bidean zihoazela, lagunak albotik: «Ez dun arrazoi faltarik. Guk probatu, ttantta bat probatu dinagu; galdu, ordea, bost itsaso zabal adina bai. Honezkero ez dinagu, ez, atarramentu onik aterako. Zakil-aukerak lurrean arrasean nonahi!? Alferrik; makurtzeko gauden, ba, gu orain… Zera!».
Bizargorri, 2016-07-06