TAKTIKA ETA DIAGNOSTIKOA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

TAKTIKA ETA DIAGNOSTIKOA

Bere bizitza guztian herri koxkorretan baserriz baserri mediku lanetan ibili eta gero, erretiratzea erabaki zuen doktore aguretuak, berrogeita hamar urte aski urte bazela-eta edozein egitekotan; zer esanik ez erreka-bazter, baso-zulo eta  muinoetako ibili etengabekoetan. Erretiratuenean, jakina, ordezko bat behar zuen nahitaez bilatu. Bilatu ez ezik, aurkitu ere laster egin zuen mediku berri gazte bizkorra… Paperak egin eta ofizioa trukatu aurretik, ingurumarietako jendeek ezagut zezaten komeni zela-eta, auzoz auzo etxerik etxe hasi ziren bisitak egiten, aliritzira, aurkezpena egitera; eta, inon mindunik izanenean, kasuan kasuko gaitza aztertu eta diagnostikatzera.

Lehen-lehendabiziko bisitan, emakume heldu bat tokatu zitzaien ondoezik, tripetako minez: beherakoa eta oinazea eta komeriak… Segituan eman zion mediku zaharrak erantzuna: «Zuri gertatzen zaizuna da, fruta gehiegi jaten duzula. Hori duzu nire diagnostikoa. Fruta gehiegi eta, gainera, ondo heldugabea askotan. Zergatik ez duzu fruta gutxiago jaten? Zergatik ez dituzu aleak banan-banan sanoak bereizten…?». Eta, halaxe izan ez bazen ere, halatsu behintzat amaitu zen etxe hartako gorabehera.

Handik irten bezain laster, ordea, mediku  gazteak: «Baina, zer arraio! Ez duzu aztertu ere egin-eta andrea! Nola egin liteke diagnostikoa hain azkar, hain arin!?». Zaharra ez zegoen isilik egoteko, eta: «Tira, tira… Ez zian azterketa egiten hastea merezi, moteil. Konturatuko hintzenez, une batean estetoskopioa lurrera erortzen utzi diat. Hura jasotzera makurtu naizenean, zabor-ontzian haran berde, sagar gordintsu eta laranja berdotzen azal mordoa ikusi diat, kontsumorako ez oso egokiak. Garbi asko zagok, hortaz, andre eri horren tripako minen kausa… Zientzia unibertsitatean, onean, bai; baina taktika ibili-ibilian ikasten duk, gazte; ibili egunerokoan; ikusiko duk… Hurrena tokatuko zaigun etxean, baldin gaixorik bada, hire kargu azterketa». Mediku gazteak hala egin zuen bere kautan: «Hau duk, hau, zakur zaharra…!».

Baso bidean gora joanik, hurrengo basetxe bisitagarria. Ederra, alajaina. Han andre aski gazte batekin jardun zuten berriketan. Bakarrik bizi zen, agidanean, beste inor ez zen-eta agertu diosaletara. Arin jantzia zegoen, txunditu samar, lotsati. Hura sorpresa: zer esan bi medikuri!? Haserako hitz hutsen ondoren, dama gazteak askotxo nekatzen zela esan zien, ahulik sentitzen zela maiz, ez zitzaiola normala iruditzen abaildura halakoa… Mediku gazteak agudo erantzun zion: «Zu, akaso, elizari gehiegi emana zaude; gehixko entregatzen zara. Egiteko hori gutxituko bazendu, oneratuko zinateke noski, eta kemena berriro ere zeureganatuko zenuke, seguruenera». Eta hala, behintzat, besterik ezer tajuzkorik gabe, irten ziren bigarren etxe hartatik ere.

Behin kanpoan zirenean, zaharrak, zur eta lur, gazteari jakin-minez: «Zeharo harritu naik hire diagnostikoak. Nondik atera duk hik damatxo hori gorputz eta arima elizari emana dabilenik, e!?». Eta mediku berri gazteak orduan: «Harritu egiten zaituela nire diagnostikoak? Zeuk irakatsi didazun taktika erabili dut, ba. Garbi asko dago dama horren neke guztien kausa. Ez zuen aztertzen hastea merezi. Hitz eta pitz ari ginela hirurok, nire estetoskopioa lurrera erortzen utzi dut, nahita, disimuluan. Eta, jasotzera makurtu naizenean, hara!, herriko apaiza ikusi dut ohe azpian larrugorritan».

Bizargorri, 2016-07-13

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2016
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031