NEUXIT | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

NEUXIT

Baldin Brexit aspaldian modako horrek (Bre+exit) esan nahi badu Bretainia Handia Europatik kanpora, Neuxit honek galga berean adierazi nahi du Neu Espainiatik at, alde, ospa, kanpora, arrut! Hori, oraintxe bertan; zeren eta gerora, espero dut, beranduegi izan dadin baino lehen, EHat izango dugula; hau da, E.H. at! Euskal Herria Espainia alu honetatik at, aske, alde, ospa, arrut, hanka, kanpora, aparte, libre! Arraina larrean bezain arrotz sentitzen naizelako.

 

Nola hustu barren errea? Nondik hasi akaberarik ez duen hondamen, triskantza, katastrofe espainiarra kontatzen? Eguneroko berriak dira aspaldian etengabeko testigantza. Beherakoa sortzen didate, akakaberarik gabekoa. Diru publikoaren xahutze apoteosikoa, jaun huts eta andere putzen soldata demasekoak, Hezkuntza eta Osasunaren pribatizazio lotsagabea, ate birakariak, epaileen saldukeria, justiziaren ez justua, diktadura mozorrotua, sistema goitik behera usteldua… Martinez Pujalte, Alfonso Guerra, Arias Cañete, Felipe Gonzalez, Rodrigo Rato, Carlos Urquijo, Nicolas Txikia… Non da akakabera, ene! Ez español guziak igual direlako, baizik askok beldurra sartu didalako.

 

Bien bitartean, nire, gure, zure euskal herrien nagusi daude. Gu haienak gara: ixo eta kito. Ez gaituzte diferente ezertan nahi; berek nahi bezalakoak izan behar dugu derrigor; bestela, ez gara zintzoak, ez gara morroi onak. Mehatxu egiten digute sekula eta beti: gu nagusi edo muturrak hautsi! Zaudete espainol fidel, zaudete gure esanetara… Bien bitartean, ez gaituzte behin ere gogoan beren hauteskunde-mitinetan (baldin ez bada, “euskal” eta “terrorista” sinonimotzat jartzeko). Ez digute geure historia kontatzen uzten; ez digute geure aiton-amonen gorpuak bilatzen uzten. Ixo eta kito. Gerra ondorengo exekuzioak, desagerketak, gatibu lanak… Ixo eta kito. Torturak lehen han, torturak orain hemen… eta: “Torturak non!??”. Ixo eta kito. Gaztelania derrigor jakin behar da nonahi, nahi eta nahi ez; euskara hemen ere ez da behar. Hur baten baliorik ez diote geure ezeri ematen. Arrazoirik ez dugu gutxi garelako.

 

Duela 112 urte doi-doi, Madrilgo kafetegi jendetsu batean (idazle, artista eta abar), gure Pio Barojak, espainiarren gainean mintzo zelarik, zera esan omen zuen aho bizarrik gabe: «Espainian zazpi español mota daude. Begira: bat, ez dakitenak; bi, jakin nahi ez dutenak; hiru, jakintza gorrotatzen dutenak; lau, ikasi ezin eta sufritzen dutenak; bost, ikasiaren itxurak egiten dituztenak; sei, ezer ere ikasi ez, deus ere jakin ez eta arrakastatsu bizi direnak. Azkenok beren buruari ‘politikari’ deitzen diote, askotxo batzuek; ‘intelektual’, beste askotxo batzuek; eta ‘tertuliano’, aurreko bi karreretan aurrera egin ez dutenek».

 

Ehunda hamaika urte baino gehiago joanak diren arren, ez da agidanez mejora handirik espainiarren artean. Europaren pare samarrean jartzeko, lau hankako xexen xaharrean (PP, PSOE, Podemos, Ciudadanos) ez da nobedade handirik, ez da euskaldunontzat gauza onik; ezta berentzat ere, begi-bistakoa denez… Beraz, Neuxit! Ni, banoa; goazen. Denbora asko baino lehen ezagutuko ahal dugu EHat. Izan ere, ez, ez dut nahi, ez-ez-ez, ez holako zibilizaziorik!

Bizargorri, 2016-07-20

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2016
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031