HARRITARTEKOS LAPAPRESKOS | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HARRITARTEKOS LAPAPRESKOS

Gaur arte ia denontzat erabat ezezaguna zen produktu exotikoa, modako ipini berri dute hainbat sukaldarik bal-bal: ‘mertensia maritima’. Denbora asko ez dela, Irungo Ficoba azokan, izugarrizko arrakasta izan zuen, agidanez. Landare hosto iraunkor honek zer duen bertute berezko eta banakorik? Ahor, bada: gordinik nahiz egosita nahiz ozpinetan kontserbatua jaten duzularik, ostraren ahogozoa, gustua, zaporea ematen dizula. Atsegina oso, ziur, gurean probatu dugu dagoeneko eta. Ahora sartu orduko, ostra ekartzen dizu burura. Ipar hemisferiotik omen dator (Islandia, Groenlandia, Kanada…); Normandian desagertzeko zorian omen da, jendearen gehiegizko biltzearen erruz; sukaldean maiz erabilia omen da; kostako harrien artean hazten omen da… (Hori guztia eta gehiago Wikipedian duzu, nahi izanenean). Kontua da, gure koinata batek Gernikara eraman duela landare horietako bat, pozarren, bere ortura, Euskal Herriko lurrak ere atsegin omen dituela-eta ostra-belar horrek.

Gernikatik urrutira gabe, Lekeition, ‘Aisia Zita Hotel Emperatriz’ duzu. Zita… Nor ote Zita delako hori? Honatx: Zita Maria delle Grazie Adelgonda Micaela Raffaela Gabriela Giuseppina Antonia Luisa Agnese de Borbone e Bragança. Labur esanda, Zita de Borbón y Parma. Austria-Hungriako azken enperatriza eta erregina izan zen. Habsburgoko Karlosekin ezkondu zen 1911n, familia tradizioz errotik karlistara, egundoko ondasunetan murgil… Eman eta kendu, ordea, infernuko txerrenak egiten du, eta lehen gerra mundialaren ondoren, 1918an, kargu guztiak kendu eta atzerriratu egin zituzten, tristerik. Senarra, Madeira irlako Quinta da Monte palazioan exiliatua zegoela, 1922an hil zitzaion. Zitak berak geroztik, bederatzi seme-alabekin batera, itzuli-mitzuli ibili behar izan zuen urte askoan; ezin esango dugu txingurri galduaren tankeran, baina bai tristura beltzean nonbait, ezen ‘La dama de negro’ goitizenarekin bizi izan zen. Suitzan lehendabizi; Cadizen eta Sevillan eta Madrilen hurrena; Donostian eta Lekeition hurrenago, eta Belgikan azkenik. (Hau guzti hau ere, eta askoz gehiago, Googelen aurki dezakezu). Kontua da, hala behar-eta, Lekeitioko itsasbazterrean jarri zela etxe handi batean bizitzen… Eta hemen dator koxka: honetara zetorren orain arteko nire kalaka guztia.

Dakienak, badaki. Eta niri historia hau zinezki dakien txori txiki gernikar batek kontatu dit. Lekeitioko Aisia Zita Hotel Emperatriz delako hori, Isuntza ondoan, antzinako Uribarren jauregiaren errauskinen gainean eraikia omen dago. Arestian aipatu dugun ‘Beltzezko Dama’, Zita, hamahiru izeneko señora, itsasertzeko palazio horretantxe bentanatik begira omen zegoen egunsenti bare batean, marea behean zela… Etxapean, ur izkinako harri, arroka, harkaitzetan, gizon zahar bat omen zebilen arrantzan, izkira, karramarro, ostra, muskuilu, lapatan… auskalo. Harkaitzetatik zera batzuk labain muturrez askatzen zituela ikusirik, damak galdera: «Oiga! ¿Qué son esos!?». Hitzak hizpidea, eta arrantzale lekeitiarrak erantzun: «Hara bestea, berriz! Estos no son quesonesos; estos son harritartekos lapapreskos». Lapatan ariki, nonbait, une hartan gizona; lapa freskoak biltzen… (Hau gaur arte ez zenuen, noski, ez Googelen, ez Wikipedian, ez Internet guztian topatuko, hautsi edo urratu saiatuta ere). Kontua da, ia denontzat erabat ezezaguna zela historia polit hau. Gaur arte.

Bizargorri, 2016-07-27

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2016
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031