ZERTAKO IDATZI | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ZERTAKO IDATZI

Zertako ikasi, ahanztekotz gero?, dio Imanolen kanta batek; eta zertako idatzi, ez leitzekotz gero?, dio bere baitan sarri idazle xehe adoregabetu askok; esanez bezala, alegia, nire idatzizko esana eta akerraren gauerdiko putza, hor-hor. Alabaina, zorionez, badira bestelako idazleak ere, ausart kementsu emankorrak, «zure adoregabe aldia bera da adorea duzun seinalea» predikatzen dutenak. Adibidez, Eduardo Galeano. Harenetik ari naiz egunotan. Hona zer dioen, besteak beste, “Zertarako idazten dudan” goiburupeetako batean, Historien ehiztaria bere liburu postumoan:

 

«Hasteko, aitorpen bat: txiki-txikitatik, futbolari izan nahi nuen. Onenen arteko onena nintzen, number one, baina neure ametsetan bakarrik, lotan. Esnatzean, oinezko ibilian hasi eta bide bazterreko harri-koskorren bat ostikoz jotzen nuen orduko, konfirmatzen nuen futbola ez zela niretzat egina. Bistako zegoen, beste ofizioren bat saiatu beste erremediorik ez neukala. Saiatu nituen batzuk, ez alferrik!, harik eta idazteari ekin nion arte, ea zer ateratzen zen…

 

«Saiatu nintzen, eta saiatzen segitzen dut, ilunetan hegan egiten, saguzarrek bezala, arrats beheretan. Saiatu nintzen, eta saiatzen segitzen dut, neutrala izateko nire ezintasuna, objektiboa izateko nire ezintasuna asumitzen, zergatik? eta, agian, ez dudalako objektu bihurtu nahi, giza-grinekiko axolagabe. Saiatu nintzen, eta saiatzen segitzen dut, justiziaren alderako borondatez eta ederrerako borondatez akuilatutako emakumeak eta gizasemeak ezagutarazten, mugez eta denborez eta mapez harago, horiek direlako nire herrikideak eta nire garaikideak, nonahi jaioak izan edota noiznahi bizi izanak izan.

 

«Saiatu nintzen, saiatzen ari naiz, gorabehera guztiak gorabehera, temati sinesten gu, gizanderetxook, oker samarrik eginda gaudela, baina ez gaudela erabat eginak, burutuak. Eta sinesten dut, ere, gizakion ortzadarrak kolore eta dirdai anitzagoak dituela zeruko ortzadarrak baino; itsurik gaudela (itsuturik, hobeki esan), tradizio moztaile luzea medio. Eta azken batean, laburbilduz, esango nuke, ez-duinen eta suminduen arteko betiko borrokan aukera egiteko tenorean, hanka-sartzearen edo zigorraren izua bera baino kementsuagoak izan gaitezen saiatuz idazten dudala».

Ez dituzu, irakurle, honako hitzok nireak, ezta idazle adoregabetu batenak ere, malats kementsu batenak baizik. Eta ondo betetzen dutela uste dut idatziz nahiz ahoz hitz egitearen printzipioa, hau da, “isiltasuna baino hobeagoko hitzak dira existitzea merezi duten hitz bakarrak”. Ni neure aldetik, berriz, nire gaurko motzean, bost minutuz entretenitu eta bost segundoz badarik ere gozarazi bazaitut, dotore, konforme; leitu didazulako, batik bat… Jean Paul Sartrek esan omen zuen arren alferrikako grina dela idaztearena,  balio du idazteak; balio du, bai, zerbaitetarako, alajainetan. Idazteak nekatzen du, baina baita kontsolatzen ere.

 

Bizargorri, 2016-09-07

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


septiembre 2016
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
2627282930