MATXINADA BASETXEAN | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

MATXINADA BASETXEAN

Basetxeko nagusi Jones jauna zen, duela franko urte. Gizaki mozkor zakila izaki, itsusi egin zuen bere lana, bera nagusi bakar zakar beti. Zerri zahar jakintsu bat bazen bertan, ordea; eta animalia errukarri guztiei eragin zien errebelatzera, basetxea beraiek gobernatzera. Baldintza batekin, baina, beti ere: den-denak berdin-berdinak izatekotan, zazpi lege, arau edo agindupean: «Bat, bi hanken gainean dabilena, etsaia da; bi, lau hanken gainean dabilena, edo hegalduna, laguna da; hiru, animaliak ez du arroparik jantziko; lau, animaliak ez du ohean lo egingo; bost, animaliak ez du alkoholik edango; sei, animaliak ez du beste animaliarik hilko; zazpi, animalia guzti-guztiak igual-igualak dira».

Hasera batean, Animalien Basetxea zoritsu eta loratsuago bilakatu zen. Denbora joanean, ordea, pixkana-pixkana, lider jarritako zerriek, boterea itsuski baliatuz, aginduak nahierara manipulatu zituzten. Bi zerri liderrak, Napoleon eta Elur-bola, beren artean gorabeherak izaten hasi ziren: lehenak kolperik jo nahi ez zuen, agindu eta kito; besteak, animaliei haize-errota eraikitzen irakatsi nahi izan zien. Zerri gehienak honen fabore, noski. Baina, Napoleonek, bederatzi zakur amorratu hartuta, Elur-bola basetxetik kanpora bidali zuen haizea hartzera. Pixkana-pixkana, arauak aldatzen bakantzen makaltzen joan ziren: «Bat, animaliak ez du ohean lo egingo…, izara artean; bi, animaliak ez du alkoholik edango…, neurriz gain; hiru, animaliak ez du animaliarik hilko…, motiborik ezean».

Pixkana-pixkana, zazpi lege, arau edo aginduak ezabatu egin ziren Napoleonen, Zerri Nagusi Ahalguztidun izendatuaren, aginduz… Pixkana-pixkana, Jones jaun gizakiak utzitako arropak janzten hasi ziren gero zerriak, lehen agindua hautsiz, atzeko bi hanken gainean ibiliz, lehenagoko gizakien gisa berean… Pixkana-pixkana, Elur-bola baztertua zelarik, haren erru egin zuten zerriek beren arteko miseria guztia, Napoleonen meritu eginez arrakasta ekonomikoarena, demokraziarena… Pixkana-pixkana, animalia errukarriek ordu mordo batez lan egin behar izan zuten, morroi gisa, asko produzituz, gutxi janez, zerri buruen aurrean mutu, ezertaz kexatu gabe, botoa bera ere galduta… Pixkana-pixkana, Napoleonek eta zenbait zerrik beren mahaira gonbidatu zituzten antzina gorrotatzen omen zituztenak… Eta azkenik, pixkana-pixkana, auzibidea abiarazi zieten animalietako zenbaiti, bihurriei, haserako zazpi aginduak lege bakar bihurtu zutelarik: «Animalia guzti-guztiak igual-igualak dira; baina, animalia batzuk beste batzuk baino igualagoak».

1945eko “Matxinada basetxean” nobelaren historia duzu honako hau, nola-hala laburtua. George Orwelen pistara Adolfo Roldan jaunak erakutsi dit bidezidorra. Hirurogeita hamaika urte geroago, eguneratze aldera, ezar itzazu kontaera horretan izen propio berriak, aspaldian eguneroko ezagun izan ditugunak: Franco-Fraga-Aznar, izaki-gizaki halakoxeak, hasteko; Gonzalez-Guerra eta “zakur” konpainia hurrena (Barrionuevo, Vera, Sancristobal, Amedo, Elgorriaga, Danborenea, Bono, Domínguez, Planchuelo…); baita Pablo Iglesias Posse ere, PSOEren fundatzailea; Pedro Sánchez, haizea hartzera bidalia, Odon, PSC…; eta, egungo “zerri-zakur” berriak: Susana Díaz, Lambán, Pradas, Simancas, Ximo Puig, Hernando, Fernández… Eta kito. Orain has zaitez berriro goitik behera leitzen artikulua, hobeto ulertuko duzu-eta, seguruenera.

Bizargorri, 2016-11-02

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


noviembre 2016
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
282930