"ES QUE..." ESKE | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

“ES QUE…” ESKE

Urte Zahar egun joan berri denean gertatu bide da; zu zeu bizi zaren aieka (gune, eremu, zona) horretatik oso gertu gertatu ere. Urte Berri egunean ere, beste hamaika halako gertatu omen da han-hemen. Baina ez nago ni denak kontatzeko. Zeure zona (eremu, alde, aieka) horretan pasatua kontatuko dut, oraindik enteratu ez bazara, zozo hori (antton, txaldan, pello, mari, inozo hori).

Mutil gazte batek bere andregaiaren etxeko txirrina jo zuen aurrenekotz, eta andre-nahiaren aitak ireki zion atea, jarrera jatorrean: «Zer dugu, gazte?». Eta: «Es que…, zurekin hitz egin nahiko nuke». «Ondo da –gizonak–. Zatoz barrura, goazen salara, esaidazu lasai zer nahi duzun». Mutila sendo zetorren bere asmoan eta erabakimenez mintzatu zen: «Es que…, begira. Gauza bat argi eta garbi markatzera natorkizu: zuen alaba eta biok elkar hartzeko intentziotan gabiltza, maitez eta gozoz. Hitz batean esanda, nahi dugula ezkondu, osea…».

Etxeko jaunak, barre-murritza. «Oso ondo. Baina, esaidazu, gazte: irabazten al duzu baleko soldatarik, datozkeen seme-alabak (ama ere bai, akaso, baldinbetan) mantendu ahal izateko geroan…?». Eta, kopeta gorarik, honela erantzun zion gazteak: «Es que…, injenieroa naizen arren, ez dut askorik irabazten; ez naiz oraindik eratzen erabat. Es lo que hay… Baina zuen alabak txibatu dit zenbat jasotzen duzuen zuek, senar emazte biok, hilero-hilero. Horrekin, nik uste, zuen laguntzatxoa izango dugulakoan nago; laguntzatxoa, telefonoa eta gasolina eta beste gastu minimo batzuk likidatzeko garaian…».

Etxeko jaunak, harrituta, barre-samur: «Eta zer…? Apartamentua ala etxea erosiko duzue? Pisu bat alokairuan hartuko, beharbada…?». Mutilak, pentsakor: «Pentsatzen egonak gara eta, es que…, zuen etxe eder hau izanik…, ez etxerik erosi, ez pisurik alkilatu, ezer egin beharrik ez dagoela pentsatu dugu. Líos, para qué…!? Hementxe bizi nahiko genuke, zuekin batera…». Etxeko jaunak, txunditurik bezain funditurik, galdera berriz ere, barre ziriz: «Esaidazu, gazte: autorik batere ba al duzu bederen?». Gazteak: «Es que…, es que… –erantzun zion irri zuriz–, zuk hiru kotxe izanik, zertako nik berria erosi? Posible dut zuretako bat erabili; libre dagoenean; libre dagoena, beti ere».

Une hartantxe, etxekoandrea sartu zen etxera, andre-nahiaren amatxo. Harritu zen salara iritsi eta mutil gazte ezezagun hura bere senarrarekin blagan (berriketan, hizketan, erausian) ikustean. Eta: «Arratsalde on. Zer berri dugu hemen? Zertaz ari zarete, ba, atrebentzia ez bada…?». Eta senarrak orduan, zutik jarrita, zirtolari (esan nahi baitu adar-jole, barre-eragile eta burlari): «Hona hemen, ene polit hori, arbitro berria. Ele: kalerako uso, etxerako bele!».

Muzindu eta laineztu zen etxeko alabaren mutil-laguna: «Ni, arbitroa!? Es que…, ostia; da pasada bat. Zer dela eta? Arbitro!?». Aitaginarrebatzakoak, orduan, irribarreka: «Zer arraio nahi duk, ba, esatea…? “Nekez bederik bere garaian heltzen duk udaberria”, esan zian bertsolariak. Hi, ordea, katilu bete uretan gustura ito ote haizen nagok… Bestalde, berriz, gure guztion egiteko honetan guztian, zer jartzen duk hik, e? Pitoa besterik ez!». (Pitoa edo txilibitua, silbotea, bibolina, isipua, txintxilikarioa, pititoa, txistua, ziria, instrumentua, behatz handia, zakila, kainoi motza…). Gaurko honetan, behintzat, nire kontua goitik beheraino ondo ulertu duzulakoan, urte berri on-ona opa dizut bihotzez, zauden aiekan zaudela, zarena zarela, antton edo pello edo mari. Es que…

Bizargorri, 2017-01-04

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2017
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031