Euskal herrian aitoren seme-alabak bezala, atzerrietan existitu izan dira, eta oraindik ere badira, nobleak: duke-dukesak, markes-markesak, konde-kondesak, baroi-baronesak… Noble dobleak bezain jator satorrak gehien-gehienean. Londresetik datorkit notizia, gure alaba txikiak handik ekarria berriki. Agidanez, Wiltshire konderriko landa gaztelu batean, Ingalaterra hegoaldean, gertaera xelebre barregarria gertatu berri da zinez benetan; eta ahoz aho dabil haren hotsa, egunotako hotza bezain zabal, Erresuma Batuan.
Gazteluko jabe kondeak gonbidatu ditu lagunak Gabon Zahar aurreko egunak bertan elkarrekin oparo igarotzera. Jan, edan eta lo. Eta berriketa. Arratsaldeetako batean, denbora emate aldera, izenaz eta izanaz bero-bero barra-barra ari zirela, eztabaida sutu zitzaien: ea ezeren definizio batek marka eta seinala eta erakuts ote zezakeen gauza bat eta berbera. Definizio bakoitzak erantzun bakarra ote duen, alegia. Ezetz eta baietz, filosofia huts bete-betean.
Une batean, hartan moko-moko zirela, etxeko kondesari bururatu zaio jolas, bere ustez, pedagogiko erakusle bat. Eta proposatzen die denei igarkizun jolasa: berak emango omen ziela zerbaiten definizioa eta ea bertako guztiek gauza bera pentsatzen ote zuten; gauza bat eta berbera sumatzen eta asmatzen. Baietz eta baietz! Hasteko lehenbailehen…
Leihotik kanpora begira ipini da dama kondesa pertxenta eta ikusi du zelaian bere behor lerdena, kanela-kolorea. Jiratzen da bazkaltiarrengana eta: «Zer ote da, zer ote…? –esaten die–. Gorri ilunkara da, leuna, barea, otzana…; baina, inork ukituenean zirika-mirika, harrotzen da eta basati agertzen txulo-potente». «Zakila! –esan zuen dukeak zabal-zabal–. Zakila». Esan zuen bai, esan. «Ene, bada! Lotsagabea ez besterena! Nola atrebitzen zara…!? Perkins, zatoz (etxezainari). Ekatzu dukearen soingainekoa, ekarriozu kapela ere, badoa-eta hemendik». Higuina eman baitzion, itxuraz, ateraldiak damari. Eta dukeak, istanteko: «Barkaidazu, mesedez, kondesa. Ez da berriz gertatuko. Ez dakit zure definizio halakotik nola demontre atera dudan nik zera halakorik. Barka…».
Barkatu dio kondesak eta abiatu da dama bigarren igarkizun baten bila. Salan nonbait ikusi du eraztun bat eta: «Zer ote da, zer ote…? Biribila da beti, hondoraino sartzen dena ahal delarik eta emaztekientzat gustagarri ia beti…». Dukeak: «Zakila, zakila!». Eta: «Ai ene, bada! Ikaragarria da, gero, zurea! Sinistea ere… Berriro gauza bera? Bizioa da zurea, inondik ere… Perkins, zatoz. Ekarrizkiozu dukeari soingainekoa eta kapela, badoa-eta hemendik, hemendik badoanez, haizea hartzera, haizea baino ere lotsagabeko hau». Barkatzeko, arren, dukeak; barkatzeko, ez zela-eta berriro gertatuko…
Hirugarren aldian etxekoandre kondesak bistaratu du mahaian galleta bat, kafesne katilu baten ondoan, eta: «Zer ote da, zer ote…?, gogorrik eta zimelik sartzen dena eta bigun-bigunik jarioka ateratzen!?». Dukea ordukoan zutik jarri omen zen derrepente, tente, eta hala esan omen zuen denen aurrean: «Perkins, zatoz. Ekarrizkidazu soingainekoa eta kapela, ze banoa ni hemendik, hemendik banoanez. Zer bizio, definizio eta bendizio…!? Zure definizio horren erantzuna zakila ez bada, naramala deabruak, horra. Hori zakila da kuanto!, bai hemen eta bai Parisen. Zer arraio, gero… Aio!».
Bizargorri, 2017-01-11