Senar-emazte gazte guapo bi jokora joan ziren Hondarribiko golfera. Ez ziren Don Markes de Hartuko Nuke eta Doña Markesa de Ezer Ez; ez, baina igualtsu. Zelaia hemen, zuhaitzak hor, zuloak han, ekin diote norgehiagokari gogotik… Toki hura ezagutzen duenak badaki, arbola-atze ertz askotan badela etxadia edota txaleta, zein baino zein galantagoa, aberatsenen palazioen irudi.
Une batean, makila astindu eta pilota jo, sutsu ari zirela, emazteak senarrari adierazi zion kontuz ibil zedila, kontuz kuanto, pilotakada batez etxe haietako kristalen bat hautsiz gero, errukienak izango zirela eta. Ez alferrik. Jo eta jo ari zirela, halako batean, senarrak pilotari oker eman eta alboko txaleteko salako beira handia birrindu zuen, kris-kras, xehe-xehe.
«Esan ez dizut, ba –andreak haserre–, kontuz ibiltzeko!? Merezi duzu kapazoa bete zokor-mazo. Eta orain? Zer arraio egin behar dugu orain, e…!?». Geroxeago, barexeago: «Hauxe egingo dugu, horra: bertaratu, barkazioa eskatu eta gastuak kitatzera prestatu». Hala, palazioraino joan, txilina jo eta… barrutik: «Atea zabalik duzue; sar zaitezkete; aurrera…». Salara sartu orduko, berehala ikusi zuten eragindako hondamena: kristal puskak nonahi lur zoruan, botila handi hautsi bat mahai gainean, haizea suelto etxean zehar… Baita gizaseme elegante bat ere, adinekoa, baina artean gordin, besaulki txit dotorean eseria. «Zuek –galdegin zien– hautsi al duzue leihoa?». Eta: «Bai… –andreak herabe erantzuna–. Penatxo dugu hautsi izana, baina zorrak garbitzeko prest gatoz».
«Ezta pentsatu ere –gizaseme eleganteak–. Neu nago zuekin zorretan. Ni horrako botila horretan milaka urteetan preso egondako jenioa nauzue. Zuek jaregin didazue niri, zorionez. Beraz, prest nago zuen bion aurrean hiru desio, nahi edo kapritxo egia berdaderoak bihurtzeko: zuentzako biontzako bana, eta beste hirugarren bat neuretzako». Eta andreak agudo asko: «Primeran! Nik honelakoxe etxe bat nahiko nuke mundu zabaleko herrialde bakoitzean». «Hala izan bedi –jenioak–. Eta halaxe izan ere izango duzu». Eta senarrak gero hurrena, di-da: «Bizi naizen artean, pozarren jasoko nuke nik… milioi bat euro urtero-urtero». Eta: «Ez dago ezinik. Horixe da nire salbatzaileen alde egin dezakedan gutxien-gutxienekoa. Egin bedi, hortaz, zure desioa ere». Hartan, andreak: «Eta zein da, bada, zure kapritxoa? Baldin jakiterik badago…».
Isil-tarte baten ondoren, jenioak: «Botila horretan preso nagoenetik, milaka urtean, ez dut gizonik ikusi, ez dut sexu harremanerako aukerarik izan. Nire nahia, hortaz, da zure senarrarekin oheratzea, hainbeste denboran amestu izan dudalako ikusitako lehen mutilarekin ttiki-ttaka egitea, lizun-berde». Andreak senarrari: «Tira, gizona; hainbesteko irabazien ordainean, ez da asko eskatzea ere. Momentu bat da. Behingoagatik…». Senarrak, baietz, goazen…
Jenioak gela batera eraman zuen. Behin han, zulo bakoitzari ziri, ziri eta pott, Sutrakama-renak denak egin zizkion hiru bat orduz; Kamasutra-renak atzekoaz aurrera, alegia… Gero, gizon biak janzten ari zirela, jenioak honela galdetu zion gizajoari: «Zenbatsu urte dituzue zuek?». Eta: «Hogeita hamabosna urte ditugu». Eta jaun Aprobetxategik orduan, irri-murrika: «Jakintsuzar eta bi Tontogazte bildu gaituk gaur hemen… Hogeita batgarren mendean, hainbeste urterekin, oraindik sinisten al duzue jenioetan!?».
Bizargorri, 2017-03-01