Bere hirurogeitaka urterekin ez zuen Joxek osasunean okerrik, inongo minik batere gabe. Hala eta ere, medikutara joateko eta joateko, esaka eta esaka hasi zitzaion andrea; egiteko osasun azterketa bat, Jainkoaren izenean!; bazuela-eta garaia, onean hartu behar zaiela-eta gaitzei aurrea… Beharko joan. Eta joan zen Joxe bere medikuaren kontsultara. Esana eta izana bi gauza dira, ordea…
Medikuak, burubide egokiz, orotariko analisiak eginarazi zizkion. Handik hamar bat egunera, aski ondo zegoela adierazi zion; baina, azterketa hartan balore batzuk mejoragarri ageri zirela. Badaezpada ere, beraz, Losartan errezetatu zion hipertentsioarentzat; baita Atorvastatina pilulak ere kolesterolarentzat; eta Metformina, diabetesarentzat; eta polibitaminikoak, babesgarritzat; eta Norvastatina, odol-presioarentzat; eta Desloratadina alergien kontra… Botika sendagarriak ugari izaki, urdaila ere babestea komeni, eta hartzeko, esan zion, Omeprazol; Diuretikoa ere bai edementzat, zer gerta ere.
Joan zen Joxe botikara eta han ahitu zituen bere jubilatu-soldataren diru hondarrak… Hilabete baino lehen, ez baitzekien seguru pilula berde alergientzakoak urdailarentzakoen aurretik ala ondoren hartu behar zituen; ez baitzekien bihotzarentzako horiak jan bitartean ala aurretik hartzekoak ote ziren, medikuarengana jo zuen berriro. Medikuak urduri eta uzkur samarrik sumaturik izango zuen, ze lotarako Alprazolam eta Sucedal errezatu zizkion…
Gure Joxek, hobera beharrean, okerragora egiten zuen egunetik egunera. Sukaldean apala bete botika zeukan beti begien bistan, eta etxetik ateratzeko astirik ere ez: aldiro-aldiro zerbait ahora eraman behar, hau ez bazen, hura edo bestea… Hartan, gaitz orok badu-eta bere gaitzagoa, zoritxarrez, hoztu egin zen behin, ondoeztu, gripeztu. Andreak agudo oherarazi zuen, Jainkoarren!, eta kamamilaz, limoiez eta eztiz zaindu: ardoak kendu eta urak ukendu. Alferrik.
Egunetara, medikua jakinaren gainean jarri zuten; eta honek, etxera bisitan etorrita, Tabsin har zezala gauez eta egunez; baita Sanigrip ere, Efedrinarekin. Takikardia punttua ere ba omen zeukanez, Atenolol gehitu zion, antibiotiko batekin: Amoxicilina, gr 1, hamabi orduka hamar egunez. Erpesa eta garatxoak sortu ziztaizkion, gainera, azalean. Fluconol hartzeko, Zovirax-ekin.
Eguneroko egonean, botiken prospektuak leitzeari ekin zion. Hasieran, entretenigarri; baina, laster, izutu zen zeharo: bentrikulu-arritmiak eta nazkak jasan zitzakeen, paralisiak, kolikoak, sexu-ezinak, odol-jarioak, buruko aberiak; eta hilotza bera ere bai! Izuaren izuz, medikuari hots egin zion larri. Lasai egon zedila, honek; laborategiek hori guztia ipini beharra zeukatela, badaezpada ere. Eta Rivotril hartzeko errezetatu zion, Sertralina, 100 gr, antidepresiboarekin. Hezur junturetako mintxoa ere hasi omen zitzaiola ; eta hartzeko Diclofenac…
Hilean behin behintzat, jubilazio sosak kobratu aldiro, kalera irteten zen gizon gizajoa; botikara joateko, gurdia bete botika eske. Hala, egun tristeekin gau tristeagoak aurrera, behin zer?, eta hil egin zen gure Joxe sano gaixoa; hil, akabo… Haren hiletetara jendea erruz agertu zen. Guzti-guztietan negarrik gehien egin zuena, horratik, botikaria. Andrea, berriz, gaur egun oraindik ere, esaka eta esaka ari da, eskerrak medikutara bidali zuen berak bere senarra, Jainkoari eskerrak!; bestela, aspaldi zendua izango zela, seguruxeagotan ere.
Bizargorri, 2017-03-15