Antonio Galaren eskutik eta haren goraintzian, gaztelaniatik euskarara ekarriz, birsortu ditzadan putakeriarenak: Putada es… Ateraldi pipertuak denak (gehienak harenak, batzu-batzuk neureak, bakarren bat beste batena), grazia baino desgrazia gehiago erakusten dutenak; denak ere goikoen eta behekoon arteko alderatzeak, agintari amorratu eta haginkari izorratuon gorabeherakoak.
Putakeria da diputatu baten jubilazioa andre alargun batenarekin konparatzea. Putakeria da herritar arrunt batek, erretiro-ordaina jaso ahal izateko, hogeita hamabost urtez kotizatu behar izatea, eta diputatuek, aldiz, hiru edo sei (segun non) aski izatea; putakeria da ere, gobernukideek, bizi guztiko pentsioaren jabe egiteko, karguaren zina egin eta papera sinatu, deus besterik behar ez izatea. Putakeria da diputatuak izatea espainiar estatuan soldataren herenaz IRPF delakoa ordaintzen ez duten bakarrak.
Putakeria da justizia espainiarra ez dela itsua; itsua ez, begi-bakarra baizik; eta putakeria handiagoa da, berriz, eskuineko begi bakarretik primeran ikusten duela (Iñaki Gabilondok esana). Putakeria da zuk eta nik eta etxekonekoak, gehienetan, lan posturik merkeenetarako, gutxietsienetarako ere, azterketaren bat gainditu behar izaten dugula sos batzuen irabazpidean sartzeko, baina gobernariek, mundua gobernatzeko eta urregorritan kobratzen hasteko, ez dutela ezeren probarik pasa beharrik.
Putakeria da gutxieneko lansaria 648 eurotan mugatuta egonik gehienez, diputatu batek jan-edanagatik (dieta) 870 euro kobratzea gutxienez; horrek esan nahi baitu, etxetik kanpo jaten diputatu batek gehiago “behar” duela, langile batek bizitzen baino. Putakeria da jaun-andre horiek urtean bost hilabeteko oporrak izatea (udako 82 egunez gain, 48 egun Gabonetan, eta, ondoren, 17 egun Aste Santuan), nahiz eta askok eta askok beren burua laiko deklaratu.
Putakeria da jauntxo-andretxo politikari horiexek administrazioan milaka aholkulari paratzea (esan nahi baitu, lagunxaharrak soldatape gizenean jartzea); soldata alimalekotan sarri jarri ere, teknikorik gaituenek beretzat nahi izango lituzketenak, noski. Putakeria da jauntxo-damatxo horiexek, guztion dirutik, kopuru eskergak aprobatzea nahierara, zertarako?, eta beren partiduei haize eta koipe eta ahalik ahalmen gehien emateko. Putakeria da zenbat eta zenbat sos (barra-barra!) kostatzen zaien herritarrei jaun-andre handinahi larrutzaile horien bazkariak, auto ofizialak, txoferrak, apetaldiko bidaiak, hamaika izarretako hotelak, kreditu txartelak eta bizioak, eta abarren abarra…
Putakeria da ministro ohiok, estatu-idazkari ohiok, politikako goi karguok, beren “lana” uzten dutenean, herri altxorretik bi soldata (bi eta lodi) jasotzeko ahalmen legezkoa izatea. Putakeria da jauntxo-damatxook, beren kargua uzten dutenean, hemezortzi hilabetez ehuneko laurogeia kobratzen segitzea, bigungarri edo lo-ondoko gerta dakien. Putakeria da jaun-dama “laguntxook” beren presupuestoetan militarrak eta kuartelak eta armamentuak lehenetsi, eta hezkuntza eta osasuna eta gizarte laguntzak eta ikerketa gutxiestea. Putakeria da politika sozialez eta eskubide sozialez eta erruki sozialez ahoa beteka mintzo zaizkigula kukurruku, baina beren pribilejioez inbutu-mutu, imintziorik ere erakusten ez digutela…
Putakeria da gutxiren loteriak askoren miseria dakarrela. Egia latzegia.
Bizargorri, 2017-04-05