Atseginetan irakurri ditut, arretaz eta irri-murritzez, aurreko asteko egunkari bitan, eliza katolikoaren azken kontuak; Rufino Iraolarenak euskaraz eta Joxe Arregirenak erdaraz. Hego Euskal Herriko gotzain edo apezpikuen azken pastorala da kontu guztien iturri eta hazkurri. Esan nahiko nituzkeen guztiak esateko ez dut hemen tokirik, ezta astirik ere; are gutxiago gogorik.
Joxek, besteak beste, dio: «Nazareteko Jesus lege zaharraren kritikoa izan zen, aberatsen dirutzen gaitzesle, txikien aldeko pedagogo; emakumeak zeuzkan jarraile eta parte hartzaile… Gaur ere, hortaz, kritiko zaharberritzaile segituko zukeen izaten jerarkia katolikoarekin; eta ez luke esango gotzainak direnik bere azken bozeramaile baimenduak…». Rufinok, bestalde: «’Gurea da egia bakarra’ eta honelako diskurtsoak ez dira onargarriak… Gotzain horientzat katolikoa da benetako erlijio bakarra eta beste guztia superstizioa da…». Caracasko artzapezpikuaren esana dakar gero, alegia, aberatsen seme-alabak bakarrik joan behar dutela unibertsitatera, eta pobreak haiei obeditzeko hezi behar direla. Eta akabatzen du: «Ai, Jesukristo berriz etorriko balitz…!».
Biek ala biek espiritualitateak, erritualak, direna direlakoak aipatzen dituzte: yoga, reiki, zen eta abarrak, eta kristauen jai-arau antzekoekin konparatzen, azterketa zinez interesgarriak eginez. Eta Rufinok, halako batean: «Eliza katolikoan erritual xelebrerik ezagutu izan ez bagenu bezala!»… Mataza nahasi honen azken hari muturrari helduko diot nik; hau da, eliza katolikoaren lege zaharreko erritual xelebre batzuei. Honaino Rufino eta Joxerenak. Orain, Jesusenak. Lau aldamen: aberatsak, pobreak, elizak, andreak.
Bat. Sabela gose eta hortzek lan. Bula edo bulda, bijilia egunetan haragia jateko eta barau ez egiteko baimena ematen zuena. Mendeetan mantendu den lege araua. Pobrearen etxean, nahiz-eta txerrikiak eskura izan, zenbait ostiraletan (barikue, barik, gabe) ezin jan zen okelatik, infernura joan nahi ezean, eta tori azak eta kalabazak; aberatsen etxean, aldiz, apaizarengana eskeka joan, diruz esku-beteka ordaindu, bulda gordeka jaso, eta tori txitxi eta pitxitxi… Diruz erosi barkazioa!? Hori ez bada azioa, biba madarikazioa!
Bi. Lur gurian zulo. Hala katekesian nola eskolan zein elizan bertan ere, etxe behartsukoa izan edo dirutsukoa, tratu erabat desberdina jasotzen zen: batzuek diferentzia edo begi-zeharra, besteek deferentzia edo begi-ederra.
Hiru. Elizan sartzea. Pasaia, 70. hamarkada. Aita, eta ama erditu berri samarra, elizara doaz semea bataiatzera senide eta lagunekin. Bataioko unean, apaizak ama ezagutu-eta, haserre, alde egiteko handik kanpora, zikina omen zegoelako, purifikatu gabea… Elizako atarian, bala-bele-bili-amen, zerbait bedeinkazio egin zion abade jaun birtuosoak eta barrura libre, bataioa normal.
Lau. Hamalau gaitzen kontrakoa. Andre erditu berri horrexek kale alde batean zuen etxebizitza, teilapea; eta errepidez beste aldean, aurrez aurre, ohiko okindegia. Ba, goizero, berrogeialdian, teila bat buru gainean ipinita irten behar izaten zuen ogitara, “pekatuzko teilapetik” ez ateratzeko… Sinisteak lan du. Baina egiak dira hauek min-minak. Eta zenbat horrelako erritual xelebre ezagutu izan dugun eliza katolikoan. Tokirik ez dut gehiagotarako; ezta gogoratzeko gogorik ere, batere, alajainkoa. Begidazo labur xume hau ulertzen ez duenak ez du analisi luze sakonena ere ulertuko.
Bizargorri, 2017-06-14