>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

INDEPENDENTZIARAKO…

Beroa da notizia egunotan euskal herrietan. Eta berotu dira bazterrak eskararekiko ere, itxura batean bederen, gurean denean. Bihar bertan, Guinness errekor saiakera egingo dute Eibarren, «Akebai!» (sic) plataformaren logotipoa eratuz bi mila eta bost ehun pertsonekin; datorren urterako, azaro-abendu, «Baietz hamaika egun euskaraz elkarrekin!» proposamen eregugarria (sic) aldarrikatu berri digute; herenegundamu, igandearekin: «el euskera se hace fuerte (sic) en Rioja Alavesa; Labastida seduce a miles de personas en un caluroso Araba Euskaraz»; «Euskararen txantxangorria» Bizkaiko traineruetako kareletan itsatsita joango da aurten, «¡Vamos! Un, dos, tres…» (sic) lemariarekin oihukari; ETB-2an (sic) «Euskara bihotzetik ezpainetara» apustu berria dugu…

Hori guztia eta «nire aberria harrizko herria da, hitzezkoa eta hitzekoa», hori guztia, optimista atletikoena da. Zeren-eta pesimista errealistok arrunt desberdin pentsatzen baitugu, eskarmentuaren poderioz: «Aberriaren mugak, euskararenak, geure baitan daude gehienak». Denak. Eta horren guztiaren hari muturretik, Juan Luis Zabalak, gaur sei, BERRIAn zazpi probintzietara ateratako «Hogeita bost txio eta hiru aldarri independentziarako» artikulutik atal puska biribilak bilduko ditut nik hemen, autorearen baimenarekin. Den-denak kabitzen ez, eta hamabitan laburbilduko ditut. Den-denak aspalditik bi ezpainon bi ertzetan nerabiltzanak pipi. Aurretik etsirik, noski, ez Juan Luisi eta ez ere niri, inork apenas kasurik egingo digunik. Irakur banan-banan, poliki:

«1. Euskarazko prentsari kasurik ere egiten ez dion abertzale bat erdarazkoari katigatuta ikustean, zerbait hausten zait bihotzean, krak! 2. Abertzaletasuna berritu behar omen dela-eta: euskaraz ikasten ez duen abertzale erdaldunak zer aberri du buruan? 3. Baina bada larriagorik, absurduagorik: zer aberri du buruan euskaraz alfabetatu ez den abertzale euskaldunak?

«4. Herriko euskara, hori bai autentikoa! Eta herriko euskarak balio ez duenerako, autentikoak garenez, euskara batuaren ordez, erdara. 5 Jendaurrean bere herriko erdaran mintzo dena artaburua dela diogu; jendaurrean bere herriko euskaran mintzo dena, naturala eta herrikoia. 6. Erdara batuan mintzo dena jakintsua dela esaten dugu; euskara batuan ondo mintzo dena, pedantea.

«7. Euskarari batasuna eta gure alfabetizazioa ukatzea, seme-alabari eskola ukatzearen parekoa da. 8. Bi hizkuntza badakizkizu, baina bakarrean alfabetatuta bazaude, alfabetatuta zauden hori zabalduko duzu, maiteena bestea izan arren. 9. Hizkuntza bat ez da galtzen dakitenek hitz egiten ez dutelako, hitz egiten dutenak hizkuntza horretan analfabetoak direlako, baizik.

«10. Erabakitzeko eskubidea? Ez, ez. Lehen pausoa, euskarazko alfabetatze kanpaina masibo eta irmo bat. Horrek bai izutuko lituzkeela izutzekoak! 11. Herri armatuaren lilura amaituta, zergatik ez hedatu herri alfabetatuaren lilura? 12. Alfabetatzea da bide bakarra! Herri alfabetatua inoiz ez zanpatua! Alfabetatu ala hil!».

Eta neure 13.a, gehigarri: «Euskara jaiotzez etxetik dakarrena, egunero edozein hizkuntzatan ari delarik ere, euskaldun da beti, analfabetoa izanagatik. Aldiz, euskara kanpotik lan latzez ikasi duenak, idazten-mintzatzen, aldiro du demostratu behar bere euskaltasuna». Independentziarako…, bide aldrebesa.

Bizargorri, 2017-06-21

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2017
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
2627282930