SOLASEAN JOLASEAN | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

SOLASEAN JOLASEAN

Dagoeneko konturatuko zinatenez, ene irakurle zintzook, nire bloga diarivascon egon badago, asteazken goizeroko artikuluak ageri ageri dira; baina ez lehen bezala, ZABALIK saileko eskuin-buruko sarrera abantailatsu bista-bistakoan. Nonbait, agidanez, web gunea berritu, eraldatu, egokitu egin dute. Egokitu, auskalo nori zer; zergatik niri izorramen ederra eman didate, izorramen ederra eman didatenez, baiki. Badirudi galtzagorri deabruren bat ibili dela hor gaiztoz, euskara ziztrinean idatzitako idazlan motzok atari estutik mandio zabalera eramaten, eskaparatetik almazenera, gaztelaniazko aleekin batera. Oharkabean, agidanez. Lehenago ere, oharkabean bezala baztertu ninduten bertan, bai horixe. Errare humanum est, sed perseverare diabolicum.

Galtzagorriak galtzagorri, hemen nago, behinik behin. Eta aurrera. Esker onean, gainera, borondate hoberik beste inon ez denean. (Ez da, behintzat, niretzat inondik ageri…). Zuetako zenbaiten deiak jaso izan ditut egunotan, ea zer gertatzen den galdezka nire blog aparte jarri horrekin, ea utzi ote diodan solasean jolasean segitzeari… Ezta pentsatu ere. Solasean jolasean bai, baina ez nabil ni olgetan blogetan. Arestian aipatu bezala, asteazken goizero-goizero, ordenagailua lagun, orri bete kontu atera izan dut, eta aterako ere dut, zuen entretenigarri hementxe, noiz serio demonio, noiz alegre xelebre. Maiteminduta nago egiteko honekin. Eta kontu jakina da, «amoratzea, gazteentzat, loratzea dela; zaharrentzat, xoratzea». Eta bistan da: ni gaztea izaki, astero loratuko naiz zuentzat denentzat, nahi duzuenontzat.

Solas eta jolas hemen zuekin nabilela, aspalditik daramatzat kolkoan gordeak bi proposamen, eskaintza, borondate, eske, baimen… Nahi duzuen bezala deitu. Alde batetik, artikuluok non edo han berrerabiltzearena, honetarako edo bestetarako… Harrotasunez esan dezaket euskaltegi, udaletxe, institutu, ikastola, irakur-talde, eskola eta abar ez gutxi etortzen dela nire hitz-larre honetara astero, bai horixe; baita zenbait lagun, idazlari, kazetari, letu-zaletu eta bestelako ezezagun interesatu ere… Bada, zuei guztiei esaten dizuet, nahi duzuenean blog hau eskanea, inprima edota argitara dezakezuela, batere ardurarik gabe, klasean erabiltzeko, aldizkarian ateratzeko, hemerotekan publikatzeko, egunkarian bistaratzeko…, baita ipurdia garbitzeko ere, hala nahi izanenean. Ni neu naiz honen jabe bakarra eta nire baimena duzue gaurtixe zernahitarako. Eta kito: ahuntza larrean ito… Beste alde batetik, berriz, artikulu bakoitzaren barrenean, azpiko partean, baduzue tarte karratu zurian huts bat zuen iruzkin edo komentarioak egiteko. Anima zaitezte, jontxe!; ezarri komentarioak, kontxo! Direnak direla… Nire partetik, ongi etorriak izango dira hala larrosak nola elorriak ere.

Agian, onenean eta akaso, maitagarri lagungarri bati esker, (bai baita maitagarririk galtzagorrien artean, zorionean), laster ipiniko dute nire asteroko artikulu euskarazko hau berriz ere atarian, ageriagoan, eguzki lorea bezala. Bestela, hala ezpada, zoaz mandiora; han aurkituko nauzu ale, belar, babarrun eta artoen artean, beti bezala… Baina ilusioak bizi gaitu. Eta, arestian aitortu dudan bezala, maitasunak nire atean klik-klik jotzen duenean, atea bakarrik gelditzen da eta beste guztia desagertzen. Beraz, bada, ez bedi gal gure artekoa: nik sortu eta zuek lortu. Orduan izango baitut ditxa atxanpanatua, ez acavatua.

Bizargorri, 2017-07-05

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2017
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31