Bat. Bi mutil koxkor futbolean, jokatzen ez baina, jolasten ari ziren Madrilgo plaza batean, lasai ederrean… Bat-batean, zer?, eta hara non erasotzen dion zakar Rottweiler zakur batek mutikotako bati. Besteak, burdin barra bat eskuratu suertez, burutik behera danba jo eta akabatzen du zakur madarikatua. Kazetari berriemaile bat tokatu zen parez parean ustekabeko, eta, zirri-zirri, idazteari ekin zion bere ohar liburuxkan: «Real Madrileko zale ausart batek bere laguna libratu du zakur amorratu baten ahutzetatik».
Ondoren, erakusten dio mutikoari; elkarrizketa egitearren, bada. Eta: «Ni ez naiz, ordea, Real Madrilekoa!», mutil koxkorrak. Orduan, kazetariak: «Madrilen gaudenez, zera…, nik pentsatu dut…». Eta zirri-borroka liburuxkan honela ipini zuen: «Atletico de Madrileko zale ausart batek bere laguna salbatu du eraso bortitzetik…». Eta mutikoak: «Ez naiz, baina, Atletico de Madrilekoa ere». Eta: «Zein futbol-talde duzu, bada, zuk gustuko!?». «Ni betidanik eta betirako Bilboko Athletikekoa nauzu!». Eta berriemaileak orduan, aurrekoak denak zehar-marratu eta idatzi zuen: «Abertzale erradikal batek txakurtxo baketsu bat akabatu du parke batean, krudelkeriaz buruan jo eta jo…!».
Bi. Agure arabiar bat Chicagon bizi da aspalditik, duela berrogei bat urte. Bere etxe ondoko baratzetxoan patata sail bat landatu nahiko luke, baina, bakarrik eta xahar dagoenez, ezin. Beraz, Parisen estudiatzen bizi den bere semeetako bati emaila bidaltzea erabakitzen du. Baita bidali ere:
«Ahmed bihotzeko. Oso tristerik nabil azken boladan, gure baratzean patatak landatu nahi eta ezin dudalako. Tristea da nahia eta ezina. Zu hemen bazintut…! Zu hemen nirekin bazina, lurra iraultzen eta harrotzen lagun zeniezadake. Neuk bakarrik ez dut dagoeneko ezta dirham bat bakarra ere balio, horra. Ala, ala; noan hemendik betiko! Maite zaitut. Zure aita, Jamil».
Biharamunean, honako korreoa jasotzen du agureak: «Aita maitea. Mesedez, ezta okurritu ere etxe ondoko baratzetxo hori ukitzea! Dagoen bezala dago ondoen, ala egia. Hortxe azpian gorde-gorderik daukat zuk ondotxo dakizun zera hori. Ala, ala; dagoela dagoenean. Nik ere maite zaitut, Zure seme, Ahmed».
Hurrengo gau beltzean, goizeko lauetan, hara non agertzen diren agurearen etxera armada amerikarra, marineak, FBIkoak, CIAkoak eta Rangers-en eliteko soldaduak… Baratzea zulatzen eta aitzurtzen eta hondeatzen dute arruntean, milimetroz milimetro, eta, ezer ezean, ihes isilean desagertu ziren… Eguerdirako, agureak semearen emaila han zeukan etxean: «Aita maitea. Seguru nago honezkero zure baratzeko lurrak majo astinduak izango dituzula. Sartu orain patatak lasai, ala? Nik egin dut egin beharrekoa. Maite zaitun zure seme, Ahmed».
Eta hiru. Bart bete dira hamar hilabete, Altsasun, iazko urriaren hamalautik hamabosterako gauean, goizeko bostetan, parrandan zebiltzan bertako mutil batzuk liskar gaiztoan korapilatu zirela, zoritxarrean, bi guardia zibil eta beren bi neska lagunekin… Terrorismoa egotzi (herritarrei, jakina) eta oraindik ere kartzelan daude hiru lagun, tamalez. Politizazio nabarmena. Drama gaitza… Aurreneko kasu biak txantxetakoak ziren, ironiazkoak nahi bada; azken hau, ordea, egiazkoa da eta tiraniazkoa. Jainkoak guarda…!
Bizargorri, 2017-08-16