Elkarrekin lagun joan berri dira lau jubilatu zahar oporrean hortik zehar. Laurak urtetan aurrera sartuak, baldinbaitere. Gazte emaneko uste osoan bikote biak, hala eta ere. Zaharrak ez omen ditu bere kopetako zimurrak ikusten; baina, «etxe zaharrak, itogin» dio gure esaera antzinako batek… Hala, lau lagunetako batek oinazea du beti belaunetan, bigarrenak min zorrotza sarri gerri-bizkarretan, hirugarrenak kuidado handia bihotzaren aldarteetan, laugarrenak prostata, pixa egin ezinetan. Mina eta ezina, madarikatuetan.
Bazkalondorengo gintonikarekin, lauetako batek Kasandra aipatu zuen, Greziako mitologiako andrea, eta kontatu zuen Apolok gaitzetsi egin omen zuela aurrena, eta etorkizuna aurrez ikustera kondenatu hurrena: etorkizuna jakin bai, baina ezin izango zuen ezer egin geroa aldatzeko, moldatzeko; horri esaten omen zaio Kasandraren agonia. «Kartzela latza izan behar du derrigor horrek!», komentatu zuen bigarrenak. Hirugarrenak, berriz: «Zer arraio esaten ari haiz? Gu geu gaudek egoera horretantxe: adin handiko dagoeneko, jakin bazekiagu aurki zer datorkigun eta, inola kristo demonio, ezin diagu ezer egin geure geroa aldatzeko». Eta laugarrenak koplatan errematatu zuen (des)grazia: «Mixerikordiak du atea zabalik; pilulez mantenduko gaituzte apalik».
Kartzelako egurra eta Miserikordia edo Zahar Etxeko pilula. Afalondoko bigarren gintonikarekin, euforiaren argi berotan, bati otu zaio derrepente ez ote litzatekeen askoz ere hobe zaharrak, atso-agureak, kartzeletara bidaltzea; eta gaizkileak, aldiz, zahar etxeetara… Ideia txit egokia iruditu zitzaion bigarrenari eta aldeak aletzeari ekin zion bat-batean: «Hartara, diziplina gorabehera, dirua jaso egingo genuke, jan-edana eta zaintza larrutik ordaintzen ibili gabe hilero; aulki gurpildunak musutruk ipiniko lizkigukete; zaintze-bideoak egun eta gau edukiko genituzke, gaitzen batek jota ere; hogei minuturo guardia bat etorriko litzaiguke bisitan zer nola gauden begiratzera, zernahi partitzera; oheak astean bi aldiz garbituko lizkigukete; liburutegia, soinketa gela, terapia fisikoa, piszina, doako irakaskuntza, ordenagailua, telebista, gela pribatua, trapitxeoa, paseatokia…, hori guztia gure esku izango genuke; eskatuenean, gainera, pijama, oinetakoak, esku-lana eta lege laguntza ere eskainiko ligukete; aparteko tokia izango genuke familiakoak eta lagunak bakarka hartzeko; sexu-aserako gela bat prest geneukake, terapia osasungarriaren izenean…».
Hirugarrenak: «Gaizkileek, aldiz, Zahar Etxean janari hala-moduzkoak izango lituzkete, hotz-epel; pilulak postrerako; zaintza bai, baina gutxixko; apenas batere bigilantzia esturik gabe, erdi lo egongo lirateke, han-hemen etzanda edo eserita edo oheari lotuta, bare zintzo umil esaneko…; arratseko bederatzietan, hor-hor, ilunpetan geratuko lirateke argirik gabe; astean behin dutxa, egunero puzzle eta marrazki, gauero lo-lo; eta hilero hiru bat mila euro ordaindu behar. Hilero! Beti ere, bizi esperantzarik gabe apenas, Kasandraren agonian bezala, laster datorkiena garbi ikusiz bai, baina ezer ere egin ezinik».
Laugarrenak: «Kartzela hobe dun guretzat, hortaz, Mixerikordia baino. Zertan gauden gu hemen, destino petralari etsi hotzean begira!? Eta…, eta…, laurok batera joan eta politikari malapartaturen bat jo eta garbituko bagenu? Denok kartzelara…!». Eta bikote biek batera: «Bera onena; ez gaitun galduan geldituko!», adostu zuten hirugarren gintonikez kopa-topa eginez.
Bizargorri, 2017-08-13