>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

KERKAPORTA

Stefan Zweig idazle Vienar bikainari bigarrenez irakurri berri diot “Bizantzioren konkista” narrazio historikoa. Txoramenezko atseginetan irakurri ere. Eta handixe dakart nire oraingo historia hau. Gaur egungo Istanbul Konstantinopla izandu bide zen aurretik, eta Bizantzio aurretiago. Bosforo itsasartean kokatua, Gizadiaren Ondare aspaldi deklaratua, Asia eta Europa bi zatitan banatzen dituen mugan dago, bi zibilizazioen mugondoan…

1451ko otsailaren 5ean, sultan turkuaren seme zaharrenari, Mahomet-i, 21 urte zituela, notizia heldu zitzaion: «Zuen aita hil da». Jakin eta berehala, bere anaia gaztea hilarazi ondoren, sinesgaiztokoen (kristauen) kontrako gerrara prestatu zen bete-betean; erra errabiatuz, baina isilka. Zintzoa bezain ankerra zen, arduratsua bezain traidorea; gizon ikasi eta artezalea bezain basati krudela, odola uraren pare isurtzeko kapaza… Konstantino enperadorea hitz ezti lasaiez hartu zuen etxean. Izan ere, zenbat hitz eder saldu behar den, nork bere gezurraren edertzeko; izan ere, despotak, gerra prestatzen ari direnero, bakeaz mintzatzen baitira ausarki, nahi beste armatzen ez diren bitartean.

Bitartean, isil-misilka, barkuak, armak, gotorlekuak, kainoiak, murruak, tropak, aleak…, armada otomanoa emendatzen, emendatzen… Bitartean, xaloki, eliza greziarrean eta katolikoan, Erroman eta Atenasen, Sofian eta Venezian, denak Bizantzioz ahaztu xamarrik, bakoitza bere zoko-mokoko politika hika-miketan lanpetuta… Historian maiz gertatu izan da: kultura (europarra) indar guziz bat eginik defendatu beharrean, estatuek eta jauntxoek ez dakite, alditxo batez ere, beren arteko gorabehera lukur miserableak baztertzen. Lasai egoteko, esaten zieten; laguntza bidaliko zietela; baina Bizantzion kristau arruntak larri, aldarte gaitzean, une batetik besterako hondamendiaren zain, etsi itsu izuan.

1451ko maiatzaren 29an jo zuten turkuek eraso erabatekoa 150.000 gudari sutsuz, Islamaren aginduzko garbitzeak eta otoitzak egin ondoren, «Jagura!» oihuka, jo-ta garbitu! Hiri barrukoen eta aldirikoen, Bizantzioko biztanleen eta kanpoko arabiarren, tirabirak eta amarruak izugarriak izan ziren; nik hemen aletzeko gehiegi… Pasadizo txiki baten anekdota handia esango dut.

Bazirudien Bizantziok eutsi egingo ziola arabiarren eraso zitalari; ematen zuen kanpokoek ez zutela barru-barrura sartzeko modurik… Hartan, hiriaren lehen harresi eta bigarrenaren artean noraezean zebiltzala, turku gutxi batzuek Kerkaporta izeneko atetxo bat topatu zuten ustekabean. Zabalik! Ate txiki, oker handi. Bake garaian, ate nagusiak iltzez eta giltzez itxita mantentzen ziren orduetan kanpotiko oinezkoak hirira sar ahal zitezen zeukaten atexka hura bazter ezkutuan jarria. Akabo: turkuak ilaran mordoka sartu ziren handik, barrukoak ustekabean harrapatuz eta akabatuz. Kito: Kerkaporta ate deskuiduan zabalik utziak erabaki zuen munduko historia.

Non gurutzea hautsi, han Ala nagusi. Sastakai, su-arma eta leherkari, hango txikizioa! Sakeoak, hilketak, bortxak, liburu eta kuadro erreketak… Porrot honek Mendebalde osoa jarri zuen dar-dar. Venezian, Florentzian, Genovan, Frantzian, Alemanian…, damua zama. Kerkaporta atetxo ahaztutik zorigaiztoko indar basa kriminal suntsitzailea sartu zitzaien etxera, jo-ta hautsi. Historian, ordea, bizitzan bezalaxe, damuak ez du bueltatzen une galdua; eta mila urtek ez dute, ordu bakar batean deskuidatua, berreskuratzen.

Bizargorri, 2017-09-20 (Gaurko ilargi berrian, Niza, Brusela, Paris, Londres, Bartzelona, … gogoan).

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


septiembre 2017
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930