>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

KOPETA BELTZEZ

Nire kopetarik beltzenez; aurpegi muzinik ilunenez: Badirudi bazoaztela. Bazen garaia. Zu zeu, akaina bazina bezala poltronari atxikia, zeure ahalegin guziez iraunean iraunez, Moncloako zure jarlekuari uko egin baino herria hondora joan zedin nahiago izanez; zuk zeuk ez duzu kaltea besterik eragin, gehien-gehienengan. Gezurtia zu, hantustea, autoritarioa, goienekoen morroia, ustezko ustela; lapurren eta ustelen babeslea, faltsua, ezjakina, oiesa eta putz-harroa… Benetan, edozein beste herrialde zibilizaturentzat, lotsagarria zara zu. Baita zuk “partido” deitzen diozun lapur elemenia ere, zeure antzera eta gantzera eginak den-denak. Edo alderantziz, igual dio.

Ez duzue zuek utzi ezta euro publiko bakar bat ere zuen poltsikora sartu gabe; aritu izan zareten ia-ia kargu publiko guztietan lapurretan zarete aritu. Valentziara begiratu besterik ez dago. Bide-okertu, xahutu edo, mugarik gabe, lapurtu, ostu, xixkatu egin duzue ari izandu zareten Administrazio Publikoko ekintza orotan: esleitze, lan-eskaintza, kontratu, kontzesio eta diru-laguntzetan. Diru publikoez nonahi jabetu zarete, osperik handieneko erakundeetatik hasi eta haur-eskola nahiz nazioarteko solidaritate programetaraino; azpiegitura ekipamenduetatik hasi eta ospitaletako horniduren kontratuetaraino. Ez da zuek ez duzuela Kanten lege etikoaren arrastorik ere, ez; da, egia totala da, zuek gizatxar koadrila erabatekoa zaretela.

Hasiera-hasieratik, analfabetoez, zozoiloez, psikopatez, jainkojaleez, ustelez, eskrupulurik gabeko lotsagabeez, ultra-atzerakoiez, aprobetxategi eta inutilez eratu zenuen zuk gobernua; denak, noski, nondik zer harrapatzeko pronto; den-denak, jendea larrutuz, baldinbetan, guztioi bizitza garrazteko prest. Zuek eragin duzue, zeuen eredu neofrankistez, parerik gabeko inboluzio demokratikoa. Zuek zapaldu dituzue eskubideak eta libertateak; zuek kendu duzue demokrazia gune publikoetatik; zuek bihurtu duzue langileria esklabo, jendea pobreagotuz, emigratzera behartuz, langabe larriak emendatuz, pentsiodunei lapurtuz, ezinduei laguntzak ukatuz, herri altxorra murriztuz.

Goitik beheraino usteldu duzue zuek Estatua; administrazio osoa bete duzue funtzionario salkorrez, senitartekoez, jan-txakurrez, ahaidez, adiskideez edota, besterik gabe, ipurdi miazkatzaileez. Hedabide publikoak: zuek desegin duzue horien objektibotasuna; agit/prop delakoaren aparatu gisa setatsu darabiltzazue; “liberalismo” deitzen diozuen faszismo “adeitsu” eta irribarretsuz jantziak dauzkazue nabarmen. Kazetari probokatzaileak: benetako lakaio, propio dauzkazue enpresa handien (Corte Inglés-en eta auskalo zenbat gehiagoren) soldatape zuzenean, herritarrak oro engainatuz. Baita soldata gehigarri franko kobratu duen lotsagabe mordoa ere; Valentzia, Madril, Galizia estafatu duena, besteak beste. Zuen diru-gose azkengabearekin, zuen gaitasun ezaz eta zuen ergelkeria erremediorik gabearekin herria izorratu duzue.

Katalanak badoaz, eta ondo egingo dute; duintasun pittin bat duenak ezin baitu jasan lapur ustel lotsagabeez gobernaturik egotea. Hondamendiak urte asko iraungo du; eta arduradun nagusia zeu zara, soldata gehigarriena. Zoazte. Zoazte zuen herritarren desohorez, isekaz eta mespretxuz blai. Pasa zaitezte, baina, kutxatik aurrena; itzul ebatsia; presenta epailearengana.

(Ramón Cotarelo, idazle katedradun politologo madrildarraren karta duzu honako hau).

Bizargorri, 2017-09-27

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


septiembre 2017
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930