>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

SAGULUR

Hona hemen Sagulur izeneko mundu honetako bazter baten historia. Sagulur sagutxo guztiak bizi ziren tokia zen; zu eta ni bizi garen bezalaxe. Parlamentua zeukaten, eta lau urtez behin hauteskundeak izaten zituzten. Sailean abiatzen ziren hauteslekuetara, tipi-tapa, botoa ematera, ttak-ttak-ttak… Batzuen batzuek emozioa ere sentitzen zuten, lau urtez behingoa, zuk eta nik bezalaxe. Eta hauteskunde aldi bakoitzean, hautestontzietara jo eta gobernu bat hautatzen zuten: alimaleko katu beltz gizenez osatutako gobernua. Hori bai, saguek katuen gobernamendua hautatzea sinesgaitza gertatzen bazaizu, atzera begiratu besterik ez duzu Kanadaren azken laurogeita hamar urteetan, orduan ikusiko baituzu haiek (saguak) ez direla gu (zu eta biok) baino ergelagoak.

Katuen kontra ez naiz ari. Katuak bizilagun onak ziren; gobernua duinik gidatzen zuten, beren gisa. Alegia, legeak onak zirela katuentzat. Ordea, lege horiexek ez ziren batere onak saguentzat. Legeetako batek hala zioen: «Sagu-zuloen sarrerek katuak bere hatzamarrak bertan aise sartzeko adinako handiak behar dute izan». Beste lege batek, berriz: «Saguek abiadura mugatu batean ibili behar dute, katuak gosaria neke handirik gabe lor ahal dezan»… Legeok onak ziren katuentzat; oso latzak, saguentzat. Eta saguak geroz eta estuago eta larriago sentitu zirenean, gehiago eraman ezinean, derrigor zerbait egin beharra zegoela erabaki zuten. Lekaixoka hasi, hautestontzietara sailean goazen-goazenka joan eta, katu beltzen kontra bozkatuz, katu zuriak zituzten hautatu.

Katu zuriek, izan ere, kanpaina jeniala egina baitzuten: «Sagulur honek zer behar du…!? Ikusmolde berri bat, eta kito!», esaten zuten. Eta hurrena gero: «Sagulur honen arazoa sagu-zuloetako sarrera biribilak dira… Guk, hautatzen bagaituzue, sarrera karratuak ezarriko ditugu nahitaez». Agindu eta egin. Eta sarrera karratuak biribilak halako bi baziren zabal-altuan, eta katuak hanka biak ere sar zitzakeen barrura. Saguen bizimoduak okerragora egin zuen. Eta ja gehiago eraman ezin izan zutenean, katu zurien kontra bozkatu eta katu beltzak hautatu zituzten berriro. Hurrena, zurien alde egin zuten; hurrenagokoan, beltzen alde… Katu erdi txuri eta erdi beltzekin ere ibili ziren tratuan; koalizioa, esaten zioten. Katu pinttoekin ere saiatu zuten gobernu aldi bat; saguen gisako nahi omen zuten izan, baina katuen moduan jaten zuten.

Arazoa ez zetzan katuen larru kolorean; arazoa zen… katuak zirela! Eta, katuak zirenez, normala denez, katuen interesen arabera ikusten zuten berek arazoa, eta ez saguen gogoen baitan. Behin, urrutitik etorritako sagutxo batek burutapen txit egokia izan zuen: «Lagunok, zergatik behin eta berriz hautatzen dugu katuez osatutako gobernua…!? Zergatik ez dugu, behin betiko, saguez osatutako gobernua hautatzen…!?». Eta: «Ooohhh!!! –izutu ziren–. Komunista da! Separatista!!». Eta kartzelara eraman zuten xixt… Azkenik, zera gogorarazi nahi dizuet: gizon edo sagu bat giltzaperatu liteke; baina, ideia bat behin ere ez.

(Batetik, jakizu Clarence Gillis-en fabula dela hau, Thomas C. Douglas-ek hitzaldi famatuan mundura zabaldua, 1962an: “Mouseland”. Interneten ikus-entzun dezakezu ingelesez… Bestalde, letu ezazu berriz, xaltoka bada ere, nire euskarazko bertsio hau, bi agindurekin: bat, Kanada datorrenean, zuk Katalunia, Euskal Herria, Kurdistan, Korsika… nahi duzuna letu; bi, komunista dioenean, zuk independentista, sezesionista, matxino, traidore, abertzale… Ea, bada…).

Bizargorri, 2017-09-04

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2017
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031