>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

EHIZTARI ETA ARRANTZARI

Urriarekin, hego-haizea harro; hego-haizearekin, usoak hegadan. Hala da legea. Eta usoen atzetik, ehiztariak batera eta bestera; ez dago argi zerbaiten bila ala gauza askoren ihesi… Elemena dira, kantidadea!, ehiztarien abenturak eta kalenturak. Hala ere, gehiago omen dira ehiztarien iruzurrak eta gezurrak. Uso bat bota eta bi galdu zitzaienekoa, ordubetean bi lagunek berrehun birigarro jo eta jaso eta jik eta jak lumatu omen zutenekoa; eskopeta berriaren analisi anatomiko, mekaniko, sintomatiko, informatikoa Ipar Ameriketan larrutik ordainduta egin berri dutenekoa… Gezurra franko, lodi-lodi.

Historia isilak dio, behin, denbora asko ez dela, lau gizaseme gipuzkoar goierritarrek, eguneroko ezinezkoari neurria hartu nahian, azpi-jokoa egin omen zutela: beren Zamorako koto edo ehiza-eremua aitzakia, Madrilgo aireportuan autoa utzi eta Kubara joan omen zirela astebeterako. Pentsa zertara: larrutik ordaintzera berriz ere… Kukuak oker jo, ordea, eta beren auto aparkatua poliziak susmagarritzat jo, ateak ireki eta bertan topatu omen zituzten armak eta kartutxoak eta motxilak eta ehiza-pardelak erruz… Auto-jabearen etxera deitu omen zuten. Haren andreak hartu eta… Hortik aurrerako guztia esan gabe doa. Gezurre esan non Getariñ, ta ni baño len zan atariñ.

Hala eta ere, ordea, ehiztaria bezain gezurtia omen da arrantzalea edota ibaietako arrantzaria ere. Aditu, bestela, honako beste historia isil-isilean gorde hau. Senar-emazteak Lesakan biziagatik, enpresa nagusia, kanadiarra, Oiartzunen zuen gizonak, arrantzari amorratuak. Behin, ustekabean total, senarrak deitzen dio lantokitik, larri bezain sinesgarri, emazteari etxera, esanez:

—Maitea, ez nuen inondik halakorik gaur espero. Egokiera aparta fortunatu zait, nire lanpostuan gora egiteko. Gure nagusiak zer?, eta Kanadara laguntzeko eskatu dit; zertara?, eta arrantzara. Marka da, gero! Enpresako ingurumari zabaleko bezerorik onenekin omen goaz. Nire beharra omen du. Ezin diot, laztana, aukera eder honi hutsik egin. Ez zaizu hala iruditzen…!? Astebeterako arropak jarrizkidazu, hortaz; baita kanabera parea, zurda sortak eta amuak ere. Mesedez. Bulegotik irten eta berehala naiz hor, nire gauzen bila. Maite zaitut. Ah…, eta ez ahaztu, faborez, nire zetazko pijama urdina sartzea.

Harritu zen pittin bat emaztea; moskeatu. Izan ere, arrantzara joateko luxuzko pijama eraman nahi izatea ez da normala, normala ez denez. Halere, susmo txarrak txar susmo, senarraren esana zintzo bete zuen andreak… Joan zen senarra bidaian astebeterako… Bueltan, hara non agertzen zaion etxera, Lesakara, nekatuta baina kontent. Maleta utzi, pardela utzi, bi muxu eman eta:

«Eta…? Arrantza ona izan al duzu?», emazteak. «Ez dakizu ondo –senarrak–. Amuarrain alerik ere ez dugu han utzi!». «Pozten naiz». «Baina…, zergatik ez zenidan nire pijama urdina sartu!? Garbi asko eskatu nizun, ba». «Zure zetazko pijama urdina? Bai, sartu nizun». «Ba, maleta guztia miatu nuen hiru bat aldiz, eta han ez zen pijama urdinaren arrastorik ere». Eta andreak, orduan, akabera: «Arrantza tresnen pardela ireki izan bazenu, ikusiko zenukeen…».

Hemendik aurrerakoa ere, esan gabe doa. Gezurra erran nuen Lesakan, eta etxetik bota ninduen presakan. Bertsotan ondo esanda: «Igaliekin doanerako senarra txintxo itxuraz, emaztea zain atarian du azpil-bete konfituraz».

Bizargorri, 2017-10-18

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2017
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031