>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

NON ZER NOLA ESAN

Bulego, harrera leku edota idazkaritza askotan ibilia da sarri gure laguna; Txomin deituko dudana, neuk neutara. Osasun, administrazio, enpresa, udal eta abarretako bulego edo antzekoetara denok gaude ibiliak. Eta eszena jakina da: jendea zutik atzera-aurrera, jendea eserita txandaren zain, idazkari edo harreragilea mahaian eta norbera zerbaiten eskean edo bila…

Harrera publikoetan, gehienetan, leihatiletan kristalez bestera dago harreragilea, eta aparte batean jendea txandaren zain. Pribatuetan, ordea, harreragilearen mahaia eta bezeroen egontokia elkarren ondo-ondoan daude. Eta, halakoetan, zeinek zer esan, dena entzuten dute denek, askoren lotsagarri.

Txomin, arazo mintsu kezkagarri batekin, osasun zentro pribatu batera joan zen herenegun, astelehenarekin. Bere gaitza erremedia ziezaion, halako tokitako halako medikua aholkatu zioten ingurukoek, fama mundiala ez ezik, esku on aparta omen zeukala-eta egiatan. Joan zen, bada; herabe bezain dudati joan ere.

Atariko ateak zabalik, medikuen zerrenda begiratu zuen horman lehendabizi: berea, bigarren solairuan, 205. kontsulta. Igo zen eta 205eko atea ere parez pare irekia. Sartu zen eta, bizpahiru metrora, aurrez-aurre, medikuaren harreragilea (ala idazkaria?, auskalo) topatu zuen; eta alboan, eskuinetara, bospasei pertsona eserita zain. (Harreragilea neska zen; ez beti hala delako; hura hala omen zelako, baizik. Damatxo pipermin samarra, gainera; ez beti hala delako, …).

—Egun on –Txominek.

—Baita zuri ere, jauna –dama harrerakoak–. Zer dela-eta nahi zenuke zuk Doktorearekin egon…? Zein da zure problema, jauna?

—Ba…, arazo bat dut zakilean. Minez txikitzen jartzen zait…

Aldameneko jendearengan barre bare ugari eragin baitzuen aitorpenak, amorraldiak jo eta txinparta baino erreago jarri zen neska mahaikoa:

—Halako zatarkeriak ez zenituzke jende aurrean adierazi behar!

—Zergatik ez? Zeuk galdera egin ez didazu, ba…!?

—Zentzuzkoagoa izan zintezkeen, noski –neskak, masailetan gorri, ezpainetan zimur–. Belarrian min duzula esan, esate baterako. Medikuarekin pribatuan gero, adieraz zenezakeen egia benetakoa, minaren nondik nongoa.

—Zeuk ere kontu pixka bat eduki beharko zenuke galdera egiterakoan, ala? Batez ere, erantzun intimo samarra sor daitekenean…

Hala, behintzat, biek ala biek kontua garbitu, elkarri begi ona egin eta, haserrerik batere gabe, atzera atez kanpora atera zen Txomin… Berriz sartu eta:

—Egun on.

—Bai…? –neskak, barretxoa pikardiaz eginez.

—Ba…, arazo larriren bat badut belarrian.

Konformidadea erakutsi zion damak irriño ezti batez gure Txomini. Izan ere, zintzo asko egin baitzion jaramon gizon bezeroak, petralkeriarik batere gabe. Eta, aldarte oneko jadanik, esan esate aldera egin zion galdera:

—Eta…? Zer arazo duzu, ba, zure belarri zoritxarreko horretan?

—Min ematen dit, urratu oinaze eta erre min, pixa egiten dudan aldiro.

 

Bizargorri, 2017-10-25

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2017
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031