Orain dela ehun eta laurogeita bi urte, ekainaren hamabostean, Otxandiotik Durangon barrena Begoñaraino Bilbo hartzera etorri eta bosgarren egunean juxtu, zauritu omen zuen ‘bala’ galdu batek hankan Zumalakarregi, karlisten jeneral handi ahaltsua… Haren herrikide naizen aldetio, Ormaiztegin Sanandresak hasteko direla, ezin isildu ditut nik gure Osaba Tomas haren hiru historia ahaztuak, desitxuratuak edo ezezagunak. Bai baititut nik hiru datu, iturri on-onetatik jasoak hirurak, inongo paperetan apenas atera direnak. Zorroztu, bada, lapitzak historia-zale, ikerlari eta artxibategietako zomorro guztiok, hiru sekretu esatera noazkizue-eta, labur-zurrean badarik ere.
Bata da non eman omen zuen Tomas Zumalakarregik bere AZKEN GAUA, belaunean tiroz zauritu zuten aurrekoa: Begoñako Zubizito estratako Etxezuri baserrian, Leginatar-enean. Datua, egia borobila omen dena, alafede.
Bigarrena da, PATATA-TORTILLArena. Patata-tortilla, bai kuanto! Hainbat gerrilatan aipamen eta sona handiak egin zituen ormaiztiarrak asmatu bide zuen patata-tortilla, bere mutilekin Arabako lautadatik Nafarroako Allingo bailarara bildu zenetako batean. Nonbait, jateko gauza asko ez, baina patata eta arraultza franko tokatu (ostu, harrapatu…) eta Aranburu bere sukaldariari horrela-eta-horrela eginarazi omen zion, Larriongo andreek erdi-jolasean aholkatuta. Ez da hau nik asmatua; Larrion inguruko herrietako zaharrei hala entzun izan diet… (Beasaindar malapartatuek odolkiaren ospe-izenak kendu zizkiguten, baina inork ez diezagula gaurtik geroenean ebats eta ken patata-tortillaren asmatzaileak ormaiztegiarrok garena, gure «Osaba Tomas»-i esker).
Eta da hirugarrena, TXINBERArena. Zumalakarregi, jaun jeneral karlista handia, ez zuen liberalen bala batek zauritu; ez zuen fusil-bala batek gerran hil. Zumalakarregi heriotzara abiarazi zuen tiro ‘galdu’ haren historia ez da ondo kontatzen. Hara zer gertatu omen zen benetan, agidanez. 1835eko ekainak 15 zituen. Begoñako pikondoetan, artean Bilbon gerra-hotsik apenas zela, bi mutil koskor gordeka-gordeka txoritan zebiltzan “txinbera” batekin (txinberak perdigoi gisakoak tiratzen ditu; txinboak txori batzuk dira; txinbo bilbotarrei esaten zaie). Mutikotako bat Azkuenaga zen; haren lagunaren izenik ez zaigu iritsi. Azkuenagarena zen txinbera, eta oso harro zegoen mutila bere armaz eta punteriaz. Hartan, arbola-tarte batetik, jo dute Begoñako plaza, eta dezenteko distantziara, udaletxeko balkoitik Bilbo zabalera begira-begira, ikusi dituzte gizaseme batzuk zutik. Gure Azkuenaga honek apustu egin dio lagunari: «Hemendik tiratu eta baietz balkoia jo?». Lagunak: «Ezetz!». Tiro egin du Azkuenagak bere txinberaz eta jo du, tamalez, Tomas jauna belaun parean… Hortik aurrerakoa, nik besterik ezer esan gabe ere, historia jendeak jakina da. Handik hogeita bat egunera zendu zen Zegaman Zumalakarregi, 47 urterekin.
Bi iturri duin fidagarriotatik jakin dut nik hirugarren hau. Batetik, Javier Gonzalez de Duranaren «Adolfo Guiard» liburuko 15. orrialdean dator. Bestetik, nire lagun-zahar Jose Ramón Alexandre Zearsolo Giart-ek, Mejikon jaio eta aspaldian gurekin Hondarribian bizi den Josefo-k, kontatu dit. Azkuenaga mutiko haren ondorengoa omen da, eta beren etxean honela kontatu izan omen dute urteetan, erdi isilka, Tomas Zumalakarregi jaun jeneral karlista handia nola eraman zuen perdigoi txiki ñaño ganorabako batek.
Bizargorri, 2017-11-22