LEPOA EGINGO NUKE! | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

LEPOA EGINGO NUKE!

Eguzkia baino argiago ikusten dugu (ikusi uste izaten dugu), hala gure existentziaren gorabehera potoloenetan, nola gure eguneroko gertaerarik xume ttattarrenetan. Hain ziur gaude gure ustean, hain-hain sines-betean, lepoa ere jokatuko baikenuke zenbaitetan; apustuan jarriko baikenuke zernahi gauza, galtzeko beldurragatik… Eta, adibiderik eman ezean, baieztapen batzuk airean urtzen baitira elurra eguzkitan bezala, arestian esanaren ulertze aldera, gure auzoko ezagun bati herenegun gertatu zitzaiona kontatuko dut.

Ezin esan da Antton Kaiku denik gure gizona, baina Antton deituko diogu kontakizunean, gauza erdibidean utziz. Bon… Antton, goizero bezala, bi egunkari erosita, Sokoako kafetegi-okindegira joan zen, etxetik laurehun bat metrora. Bere txokoko mahaitxoan astiari eta aisiari jarrita, kafea hartuz, egunkari biak letu zituen, noiz saltoka noiz altoka… Akaberan, ogia eskatu, zorrak ordaindu, ogia periodikoekin batera telazko poltsan sartu, agurrak egin eta atera zen, berehala egin beharreko erosketak gogoan irauliz.

Handik berrogei bat metrora, harategia. Txanda hartu, itxoin, arkume besoa erosi, ogi-periodikoen ondoan txukun kokatu eta kanpora berriz. Beste berrogei bat metro aurrerago, auzoko supermerkatua. Barrura egin, goizero bezala ordaintoki ondoan bere telazko poltsa utzi, bidean lau buruko baratxuri sorta hartu eta arraindegira. Bakailao freskoa xerradatan ipintzeko, mesedez; eta bai Milak dotore asko ipini ere. Ordaintokira itzuli, arraina eta baratxuri sorta ordaindu, dena bere poltsa telazkoan sartu eta kanpora berriz ere Antton.

Handik, zuzen etxera. Etxeko sukaldera orduko, poltsa zabaldu eta hasi da Antton husten: arraina, baratxuria, arkumea, ogia eta… hara!, ai ene bada!, bere bi egunkariak falta!! Haien lakuan, berak erosten ez zuen berripaper bat zegoen. Eta jakina: falta dena, falta den lekuan nabarmentzen da gehien… Harriduraren ondoren, «Bazakiat –egin zuen Anttonek berekiko–: hau, inondik ere, supermerkatukoa duk; eta nireak, noski, han izango dituk. Baten batek eskua sarturik izango dik… Noan arin bila, nirea ez den hau hartuta».

Sartu da berriro supermerkatura, egoera argitzera. Dama saltzaileak, ordea, ezetz, zekarren periodiko hura ez omen zela hangoa, nagusiak goizean goizetik eramana zuelako etxera. Seguru; berak ikusi omen zuela eta. «Eta zure egunkariak hemen ote diren…!? Keba! Hemen ez dituzu utzi. Seguru asko (pentsa ezazu ondo, Antton), kafetegian utziko zenituen; edo harategian. Hemen ez, behintzat». Anttoni buruak ezin eman zion misterio bat zen hura. «Ezetz, ba; ez dela posible! Nola utziko nituen, ba, kafetegian edo harategian, neuk eskuokin sartu dut-eta prentsa nirea poltsan, ogiaren ondoan aurrena eta arkumearen ondoan gero! Gogoan dut, gainera, honaino iritsi dela». Damak: «Nik, zuk bezala, kafetegian begiratuko nuke, badaezpada…». Eta: «Ezetz. Lepoa egingo nuke! Lepoa eta etxea ere apustu egingo nizuke, han ez dela nire prentsa paperrik; hara zer esaten dizudan…».

Baita apustua galdu ere gure Antton Kaikuk, egin izan balu. Hurrengo goizean, goizero bezala, joan da kafea hartzera okindegira eta hango Marianak: «Atzo baten batek gure periodikoa eraman eta bereak bi utzi zituen hemen… Gurea eramatea, ohikoa da zoritxarrez. Baina inork bi uztea, gauza berria da, gauza berria denez, alajainkoa!».

Bizargorri, 2018-02-07

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


febrero 2018
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728