Lehendabizikoa, tristea.
Urteetan aurrera dezente egin dugunok ondo gogoan daukagu oraindik, argiaren eskasia edo eza zela-eta, nola ipintzen ziren kandela piztuak etxeko txoko ohikoenetan; nola ibiltzen ginen komunera edo gelara edo nora-edo-hara kandela eskuan hartuta. Kontaiezu hori egungo gazteei! Ez zaie halako zerarik burutik pasatu ere egiten. Ikusi edota bizi izan ez dena nekeza baita sinesten.
Gutako askori sinestea nekeza egiten zaigun bezala, XXI. mende txit moderno aurreratu honetan, egunotan bertan, etxe askotan ez dela kalefaziorik pizten, argia garestitxo dagoelako, zenbait jendek ordaindu ezin duelako… Eta aurtengo negua hotzaren eta hezearen mendean doa. Eguraldi ustel narrats haserrea ari du azken lau hilabete luzeotan. Zeruak bota ahala euri dugu, noiz txir-txir, noiz barra-barra; errekak gainezka dauzkagu eta hezurrak lizun min.
Hotz dago hor kanpoan; beldurra ari du etxe askoan. Beldurra ari du, urte gutxian %ko 46 igo delako argi-indarraren faktura; beldurra ari du, %ko 11 familiari eragiten diolako pobrezia energetikoak; beldurra ari du, argi-banatzaile enpresen abusu zikoitzagatik, zail dagoelako hilaren hondarrera iristea… Eta jakina: ezin dezakeenak nahi duena, egin beza ahal duena. Hortaz, ehun etxetatik hamaikatan, ezin barrua epeldu eta, mantatan bilduta, beharko kandelak erabili, berotzeko ez bada ere, argitarako bederen. Abelera tristea…
* * * * *
Bigarrena, txistea.
Denetik komeni omen zaigu-eta, goazen errealitateko albiste tristetik, wuaxapeko notizia txistera; goazen negargarritik barregarrira… Biak etxean direla, emazteak senarrari: «Ai ene, ai ene…! Hilabeteko atzerapena badaramat dagoeneko. Esango nuke…, haurdun nagoela! Ea bihar medikuak zer esaten didan…». Hortan dihardutela, telefonoa joka. Andreak hartu eta: «Bai, esan». «Begira, Iberdrolatik ari gatzaizkizu. Gure artxiboen arabera, hilabeteko atzerapenarekin ageri zara hemen zu». Zeharo harrituta, etxekoandreak agudo: «Baina, baina… Zuek nola demontre dakizue hori!? Ez da posible».
«Jakingo ez dugu, ba. Gure ordenagailuok atzerapen kasu guztiak zintzo adierazten dizkigute beti». Emazteak, aho bete hortzekin, telefonoa senarrari eskaini eta esaten dio belarrira: «Iberdrolakoak omen dira eta jada badakite hilabeteko atzerapenarekin nagoena. Joan eta harrapa itzazu horiek…!».
Senarra, begiak zabal-zabalik, hasi da galdezka: «Egia al da gure andrearen hilabeteko atzerapenaren jakinean zaudetela? Harritzeko gauza da, gero, ala…!?». «Harritzekoa, diozu? Ez. Guk jakin? Horixe dakigula! Eta deitu dizugu etxera, zuk ere jakin dezazun berehalako batean egin behar duzula atzerapen horri dagokion ordainketa. Bestela…».
«Ordainketa…!? Baita zera ere! Hara bestea! Zer dela-eta ordaindu behar dut nik horregatik ezer, e? Eta ordaintzen ez badut, zer? “Bestela”, zer…!?». «Ordaindu ezean, gutako norbait bidaliko genuke zuenera eta moztu egingo lizuke zera…». «Dedio!! Niri zera moztu…!? Eta zer deabru eta zer arraio egin behar du gure andreak, niri zera mozten badidazue?». «Ba…, kandelak ere badira-eta, kandela batekin edo birekin moldatu beharko luke. Hor konpon».
Bizargorri, 2018-02-21