Euskaraldia, lehen aldi honetan behintzat, Ormaiztegiko San Andresakin bat-batera dator. Gaur seigarren eguna, juxtu; beste lau falta, oker ez banabil. Ondo dago, ideia polita da, euskaldunoi kilik egin digu eta, bistan denez, hedabideetan bazka-mazka dugu egunero… Maddalen Arzallusek ziri-kanta berrian dioen moduan: «Hilabeteetan txapa entzun eta / azkenerako jantzi dugu txapa /. Ea ez zaigun gogorregi egiten / hamaika egunetako aldapa…/ Euskaraldia hasi da; mugitu ezpaña! Euskaraldia hasi da; atera mingaña!».
Baldinbaitere! Ez gurea delako bakarrik, baizik eta sekulako meritua daukalako, oraindik ere Europako lurrotan, euskaraz bizi ahal izateak; meritua daukanez. Orain dela hogei bat mila urte lurralde anitzotan mintzatzen zen hizkuntzan, oraindik ere!, lur-ur-zur-egur-elur… hitzak bizi-bizirik erabiltzea misterio harrigarria da mundu guztiarentzat. Erromako inperioaren latina hil zen; Pirinioetako alde biotan euskara, aldiz, bizi da. Gero esango dute miraririk existitzen ez dela; hahor bat.
Izan ere, gure euskara bizirik hainbeste denboran mantentzearen zeran, miresgarria, bat da, menden mordoa; bestea da, gure txikia; eta, batik bat miresgarria da, nola arraio bizi ahal izan den lau mendiren bueltako zazpi baserri-bordatan, Frantziako aldetik eta Espainiako partetik hainbeste eta hainbeste pertsekuzio, eraso eta debeku jasan eta gero. Debekuen zerrenda labur minimoa ematen hasita, honatx espainiar batzuk: 1768, euskara galarazia dago lehen hezkuntzatan (Carlos III.aren erreal agiria); 1776, euskarazko liburuak galaraziak daude (Arandako kondearen ordena); 1801, galaraziak daude antzerki emankizunak euskaraz; 1857, eskoletan gaztelaniaz bakarrik irakatsiko da ((Moyano legea); 1902, beren dialektoan diharduten irakasleak zigortuak izango dira… Eta maisu-maistra, mediku, apaiz erdaldunak propio ezarriak herrietan… Eta abarren abarra, ehun eta hamarra, aguanta beharra!
Baina gatozen bueltan egungo gure errealitatera. Debekurik ez da, nik dakidala; baserritik aspaldi jaitsi zen euskara kalera; barra-barra dabil komertzio, fabrika eta sareetan; ikastoletan jarritako hazi hura landare lerden da jadanik unibertsitateetan; jendeak Tokion, Londresen eta New Yorken ikasi du; hemen da Euskaraldia zorionekoa hegan… Bizirik gara, bai; baina, prest…!? Andoni Egañak 1989an kantatu zigun bezala: «Enara batek ez du sekula udaberria egiten». Eta gero: «Gure kaletan erdaraz franko ari dirade gaztiak; horren aurrian alferrik dira zifra ta datu guztiak». Eta Mikel Mendizabalen erantzuna: «Euskara nola salbatuko da, geuk sinisten ez badugu?».
Ni neu nabilen probintzia ertz honetan, oso-oso kezkagarria da egoera: apenas entzuten da kalean ez umerik ez gazterik euskaraz. Tamalaren tamalez. Gutxi batzuk, bai; gehien-gehienak, ez; eta bost axola, gainera, itxuraz bederen. Datorren ostiralean, San Andres eguna izaki, probintziaren zilborrera noa, Ormaiztegira, munduko odolkirik onenak probatuz (Campos, Deba, Murua), mingaina gozatu eta ezpainak mugitzera. Sartzen naizen tokian sartzen naizela, hormako kartel honekin errezibituko naute: «Jakingo bazendu ze politte dan zu euskeraz entzutea…!». Zu zeu ere bai, joaten bazara… Izan ere, han, Gipuzkoako zilborrean, oraindik ere, hogei mila urteren ondoren ere, euskaraz bizi direlako, aho eta belarri, bizi eta prest.
Bizargorri, 2018-11-28