Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

BIZI ETA PREST (eta II)

Herenegun zuen lehenengo Euskaraldiak bere azken eguna. Gaur zortzi kontatzen nizkizuen, besteak beste, euskara mende luzetan iraun izanaren miraria, hainbat eta hainbat pertsekuzio, eraso eta debeku jasan eta gero. Euskaraldia, agidanez, oso arrakastatsua izan da: interesa galdurik, lehen gure hizkuntza praktikatzen ez zuen askok berriro ekin dio praktikari orain.

Azken aste horretan (zer den, gero, kasualitatea), gai bakar bati buruzko informazioa topatu dut prentsan sarri han-hemen: sexualitatea. Berripaperean bistatu orduko, guraizeaz moztu eta gaurko lan honetarako gorde nituen. Lau. Hementxe ditut…

Alde batetik, dama kazetari batek Washingtondik, zera dio: amerikarrek, oro har denek, eta, batik bat, “milenialak” deituek sexu bizitzarako interesa galtzen-galtzen omen doaz; alegia, geroz eta gutxiagotan praktikatzen dutela; eta, gainera, geroz eta gehiago omen dira abstemioak. Eta ez jendea zahartu delako, ez. Andre-gizon gazteek eta helduek, aurreko belaunaldiek baino, askoz ere gutxiago praktikatzen dute sexua. Eta hasi omen dira “sex recession” esaera bolo-bolo aipatzen, eta serio demonio: martxa koxkor honetan aurki langile falta omen dutelako izango, inmigrazioa askoz gehiago eta ekonomia eta bizi-kalitatea pikotara omen zaielako joango. Eta hau, eta beste, eta hura… Hortaz, kontuak atera, ze, beti esan izan den moduan, “Iparramerikan zer den berri, baietz laster hemen igerri”.

Beste alde batera begira, gatozen gure martxara. Hegoaldeko hiru probintziotan, aurtengo hiru hilabeteetan, umetxoen jaiotzak behera egin du nabarmen; %10. Lehen ere ez ginen asko eta martxa honetan haziko dugu herria bost, herria haziko dugunez. Ama gehienak 30 urtetik 39ra bitartekoak ditugu (%71); 25 urtetik beherakoak, %6; eta 40 urtetik gorakoak, %10. Hori guztia, kontuan izanik ama horien %25 pasea atzerritarra dela…  (Ez dakit azken datuok zertara datozen, zer ikusirik ote duten gaurko gaiarekin; edozein moduz ere, nire paper moztuen artean agertu zait notizia, eta sartu egin behar. Paper artean agertzen ez zaidana hirugarrena da; galdu da, sobra ere. Gure ligatzeko abilidade motzari eta sexu praktika ezari buruz zen. Nik esan gabe ere, badakizue).

Azkenik, hona hemen beste bi berri: bata, preserbatiboak doan eskuratu ahal izango dira Ipar Euskal Herrian, mediku errezetarekin; bestea Tinder bezalako aplikazioek ligatzeko genero-rolak sendotzen dituzte; baita Bumble aplikazioa ere. (Lastima jaio ginen azkarregi; tutik ez dut ulertzen).

Beraz, arestiko guztia nahasian aitatu eta gero, proposamen berria dakart, nahi denean lehenbailehen, martxan jartzeko: euskaldunon ligatzeko ezinak eta minak ikusita, geroz eta euskaldun gutxiago jaiotzen dela jakinda, laster hemen ere Ameriketan bezala lanerako jendea faltako dela aurreikusita, antola dezagun, Euskaralditik Euskaradira huts-bitarte luzean, SEXUALDIA. Txapa eta guzti, jakina: mutilek “zakilbizi” eta neskek “aluprest” daramatelarik paparrean bista-bistan. Horra nik ideia eman. Ez da txarra.

(Eta hiri, Andu: bazakiat bi hitz horiek erabili berri dituala BERRIAko hire azken idazkian; baina, sinets iezadak zintzo, zirriborro honen materiala aurretik niala pronto, Sexualdia helburu, zakilbizi eta aluprest).

Bizargorri, 2018-12-05

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


diciembre 2018
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31  

Contenido Patrocinado