GABON ESKEAN ASPALDI | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

GABON ESKEAN ASPALDI

Duela hirurogei urte, hortxe-hortxe, artean Olentzerok andregairik ere ez zuenean, Gabon eskean ateratzeko entsaioetan ibiltzen ginen lau lagun. Zazpi-zortzi urteko mutil koxkor, geure etxeko mandioan biltzen ginen: Telleriko bi, Antton eta Jexux, Etxeberriazpiko Joxantonio eta Anguntxikiko Joxemari. Batek panderoa astinduko zuen nola-hala, besteak “trianguloa” edo txin-txina joko konpasean, hirugarrenak kriskitinak dantzatuko tarteka, laugarrenak poltsero lana egingo ahaleginka… Ez irakaslerik geneukan tresnetan, ez aholku emailerik kantaeran: geu ginen maisu-buru korotan, geu buru-jabe orotan.

Kanten hitzak, berriz, ez pentsa, gero, inork inongo paperetan edo faxetan edota, are gutxiago, waxapetan emango zizkigunik. Baita zera ere. Geuk, aitona-amonari edo ama-aitari, bakoitzak bere etxean ikasiak izan ohi ziren. Denetan “modernoena” gogoan samar dugu oraindik; hatxerik artean gurean existitzen ere ez zenekoa:

«Abenduko illaaaren ogeita laueaaan, Jesus Salbadoreeea jaio da gauean,

gu ipintzeaagatik estadu obeaaan, biotzak zuzenduuta, zerura bidean».

Edo horrelatsu, behintzat… Hilaren hogeita lau goizean dotore asko prantatuko ginen laurok goitik behera. Soinean: txapela beltza, lepa-zapi zuri-urdina, alkandora txuri eta bluxa beltxa (edo kaikua), gerriko lokarria, “mil rayas” izeneko galtzak, galtzerdi artilezkoak, eta abarkak, bere soka behetik gora, txorkatilatik belauneraino, lege-legera lotuak… Eta Ormaiztegiko kanta klasikoa kantatuko genuen etxero etxero, geroztik inoiz inon entzungabea:

«Goaazen, goaazen guuztiok beeertaatik Beelenera,

aadoraatu deezagun Jeesus Aaurtxo jaio dana.

Batzuek uuuiu, uuuiu! Besteak faaarrez, faaarrez!

Salto-ta-brinko, salto-ta-brinko, aarin-aarin eegiñez (bis)».

Auzo etxe eta baserri batzuk kanta-kantari bisitatu aurrena eta, eguerdi aurrerako, kalera jaitsiko ginen. Atariz atari, aterik ate lotsati kantatuko genuen. Ostatu, denda eta abarra: non jendea patrika bizi, hantxe gu poltsa prest:

«Gagon gabonxeta, errosagaxeta (!?), Jesus jaio da-ta, jozagun krisketa.

Or goien bada etxe bat, jozagun atea, iriki al badegu, Joxe ta Maria.

…, …, …, ???, …, …, ???, …., poltsea badegu-ta, diru bila gatoz!».

Azken Gabon kanta hau historiaurrekoa da gutxienez, nik uste. Oker ez bagaude, ama zaldibiarrak kantatzen zigun Ormaiztegiko Tellerin. Auskalo. Hainbeste denbora joanean, harritzekoa ere ez da-eta, ahaztu zaizkigu tarte batzuk. Inork, handik edo hemendik, belakitza, eskertzekoa litzateke agerian jarriko balizkigu kanta honen hitzak… Interneten ez baitago dena, esanak esan.

Arratsalde partea Olentzerorena eta Jaiotzarena baitzen, guk bazkalordurako utzi egingo genion Gabon eskeari. Aurretik, jakina, lau lagunok isil-misilka bazterren batean bilduta, sosak kontatuko genituen, partiketak zuzen eta doi-doi egiteko. Duroak (ogerlekoak) ziren zailenak partitzen, bat edo beste besterik ez baitzen izaten; gainerakoak, aise: pezetak, errealbikoak, txakur haundiak eta txakur txikiak. Bakoitzak bere partea txapelean ondo-ondo bildu eta etxera itzuliko ginen, pozak txoratzen!, itsulapiko kasik hutsa beteagotzera, «Trakatan-trakatan iru errege, trakatan-trakatan Belenera…» kantari. Baina hori beste egun bateko kontua eta kantua da…

Bizargorri, 2018-12-19

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


diciembre 2018
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31