Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HELIKOPTEROZ

Gabonek egun on bat izan dezaten, bi lagunzahar bildu ginen atzo, Eguberri egunez, ihes betea ez baina, ihes nolabaitekoa antolatzeko intentzio bete-betean. Ihes, kuanto, ihes! «Zerbait diferentea egin behar diagu…», esaten zidan lagunak. Izan ere, hilabete hau ez baita parte onekoa, Santo Tomas bezperan hasi abenduaren 20an, eta San Sebastian egunarekin urtarrilaren 20an akabatzen den hau: txitxi, koipe, zurrut eta ke. Eta tartean, urpean ere isiltzen ez den senitarteko bisitari horietakoren bat tokatuenean, Jesus-Maria-ta-Jose…!

Hori zera santisima guztia gogoan, atzo, Eguberri egunean, egunkari alerik ere inon izaten ez den egun malapartatuan, kai zaharrean bildu ginen bi lagunok, aspertuta, buru makur… Aurreko egunetan, gosea baino begia luzeago, haginez eta hortzez saiatuak baikinen biok bakoitza bere etxean (tripak eta suak, zenbat eman hainbeste eraman), haginez eta hortzez saiatu nahi izan genuen atzo ere, gure ihesa antolatzen. «Zerbait egin beharra zagok hemen, erabat diferentea», esaten zidan lagunak; eta «Egun baterako behintzat ihes egin behar diagu hemendik», erantzuten nion nik.

Hala, aitzakiak arrazoi hartuta, zer egingo, zer egingo, pentsa eta pentsa ari ginela, hartan, burutazio bitxi demonioren bat etorririk izango zitzaion nire lagunari, zeren, begiak zuriturik derrepente, bota baitzidan: «Bazakiat…! Bazakiat zer egin. Hondarribian ez gaudek, ba!? Hondarribian aireportua ez diagu, ba…!? Helikopteroz hegan atera behar diagu! Zer iruditzen zaik…?».

Jo eta poto utzi ninduen, egia esan, bat-bateko hartan. Berehalaxe, ordea, ideia zoragarria iruditu zitzaidan, zoragarria iruditu zitzaidanez ideia. Eta di-da batean, helikoptero bidaia haren zertzeladak edo nondik-nola-noiz-norakoak zehazteari ekin genion biok, gogoaren gogoenetik. Egunak hilaren 28a behar zuen izan derrigor, egunik aproposena ostirala izaki halakoxeak egiteko; nahi duguna aurkitzeko ez dagoela urrutira joaten ibili beharrik, eta Hegoaldeko Getariatik Iparraldeko Getarira ibiliko ginela: Jaizkibel eta Larun eta Aiako Harriaren gainik gain, Pasai Donibane bisitatu, Donibane Lohitzuneko portuko zokoak ikusmiratu, La Cornise edo Erlaitzean paseatu, Deba-Zumaiako itsas-labarra ederretsi, Donostian eta Biarritzen zizka-mizkak mokokatuz atsegindu eta zurrut-murrut eginez gozatu… «Egun gogoangarria, zinez!», adostu genuen biok ala biok ere.

Orduan, gure pozaren eroan, nire lagunak: «Hori guztia ondo zagok, oso ondo ere; baina, behin horretan hasita, guk biok bakarrik ezin egingo diagu bidaia egoistamente; jende gehiagok ere izena emango likek gogotik, seguruenera. Egin on eta ez begiratu non… Hik (niregatik), blog bat ez duk, ba…? Zergatik ez duk abisua disimuluan zabaltzen? Abisua, noski, isilka pasa ezak, komo-si-no; ea nork nahi duen gurekin helikopteroz bidaia zoragarria egin etzi, ostirala, hilak 28; ea nork nahi duen gurekin apuntatu; adieraz diezagutela lehenbailehen…».

Horretantxe ari natzaizu orain zuri, irakurle. Nahi duzu gurekin etorri? Agudo ibili… Zeren helikopteroan, agidanez, lau lagun soilik sar gaitezke. Eta gu dagoeneko bi izaki, ez dago beste birentzako baino tokirik… Eta hori bai, jakina: helikopteroa zeuk (edo zeuek) ekarri beharko duzue Hondarribiko aireportura lehendabizi, guk ez daukagu eta.

Bizargorri, 2018-12-26

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


diciembre 2018
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31