Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ZAHARRAK BERRI

Zahartzaroak haurtzaroa omen dakar gogora. Hala esan ohi da. Eta halaxe dirudi ere dela, norbera zahartzen-xahartzen doan heinean. Batik bat orain, Olentzero, Gabon Zahar, Bizar Zuri eta Hiru Erregeen bolada ilun-hotz honetan, gose baino begi gehiagoko egunotan. Izan ere, jan-edanean igeri, sabelak nahiko lan, eta buruak hegan… Izan ere, zintzurra aldapa eta sabela zelai, burutik oroira zernahi…

Mende erdi pasatxoan, mahai-bete janari beti, hori bai; baina, beste gainerakoan, zenbat aldatu diren gauzak gure etxeetan, etxeetan gauzak majo aldatu direnez, kuanto! Bizar Zuri ez zen lurrotara artean ailegatua; Olentzerok ez zuen artean andregairik; Erregeak ziren erregalo ekarle bakarrak… Etxeko sua, sukaldea, izango da seguru asko gehien eta gehiagotan aldatu zaiguna: su-bajua edo beheko sua izan genuen lehenengo, ekonomika gero, butanoa hurrena, bitrozeramika hurrenago oraintsu, eta, azkenaldian, indukzioa edo surik gabeko erretokia, alajaina!

Eta aldatu, aldatu…, asko aldatu dugun/zaigun beste zera, Gabon jaietako mahaia bera izan da; baita, zer esanik ez, mahai inguruko giroa bera ere. Lehen aza, bakailao, karakol, tripaki eta intxaurretatik aparte (arkumea zenean, festa!), apenas aukera gehigarri gehiago izan zen etxe gehienetan; orain, ordea, urdaiazpiko, solomo, zezina, zainzuri, langostino, tretxu (navajas), lanperna, txangurro, kardo, txipiroi, bisigu, arkume, azpizun… zer ez, ene maria santisimea: zernahitik nahi adina nahieran!

Hori mahaiari dagokiona; mahai bueltako giroari dagokionez, berriz, aze aldaketak: lehenago, inoren telefono deiaren batere beldurrik gabe, berriketan bizi, kantuan luze, karta-jokoan bero egingo genuen, bazkal-afal ondoren hasi eta ordu txikiak handitzen hasiko ziren arte. Orduan ere “ur bedeinkatua baino, ardo madarikatua hobe”… Orain, aldiz, ezin esango dugu horietatik guztietatik zerbait bederen ez dagoenik, baina aitortu beharra dago umeak telebistari adi egoten direla; eta gazteak mobilari zehar begiraka, baldinbaitere! Majo aldatu zaizkigu gauzak. Bizi-legea da, bestalde; zer egingo zaio…!?

Gogoan dut nola gure ama zenari behin, ekonomika gainean zintzilika arropa batzuk lehortzen zeuzkala, zartagiko olioak su hartu eta, harraskara apartatzera zihoala, besoa goitik behera kiskali zion, gaixoari… Gogoan dut nola “Txiki” zenak, gorriekin 36ko gudan ibiliak, kontatzen zigun gudarien gosearena. Urte batean, Gabon Zahar izaki, ospatu egin nahi eta ezin (“nik bazekiat nola, balego zerekin!)”, aza parea lapurtu omen zuten gordeka baratza batetik, eta sekulako jan-festa egin…

Gogoan dut amona Anajoxepa artzain izanak nola kontatzen zigun Otsokoren historia polita: gosea latza izaki hark ere eta, ilargi beteko gau argi batean, Irai ondoko erreka zabalean, taloa ikusi omen zuela borobil-borobila. «Nik jango haut hi, arraioak ez badituk!», bere artean egin eta, ustezko talo bikaina jan nahian, edanean igeri hasi omen zen, edan eta edan, edan eta edan…, harik eta erreka lehortu eta taloa, ustez, lehorrean harrapatuko zuen arte… Ez alferrik: Otsoko gajoa bera geratu omen zen, tripa bete-bete urez, lehertzeko zori gaiztoan…

Gogoan dut hauxe ere: Urte Zaharrari agurre eta Urte Berriari egurre!

Bizargorri, 2019-01-02

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2019
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031