>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

T.K.S.A.

Aurtengo Gabonetan opor-aldia izaki, gure probintziatik gutxi batzuek bezala, Dubaira egin zuen hegan adinean lore-loreko gizaseme batek. Abioian lasai ederrean zihoala, bat-batean maskuria hustu beharra sentitu eta gizasemeen komunera jo zuen zuzen. Lastima; okupaturik zen. Lasai, ez zegoen premia larrian ere eta. Zain geratu zen ate inguruan. Minutu bat…, eta bi eta hiru, hesteak ere premiatu zitzaizkion, ordea, eta orduan ziren han estuasunak!

Hartan zela, non agertzen zaion azafata ustekabean, bazterren ikusmiran. Aukera aprobetxatuz, larri zela eta, emakumeen komuna libre zegoenez, ea erabiltzerik ba ote zuen eskatu zion, erreguka. Azafatak baietz, ez zegoela arazorik; baina, beti ere, komun-ontzia zipriztindu gabe eta eskuin aldeko lau botoiak ez ukitzekotan. Botoiak honakook omen ziren, lau: G.S.A. botoia, L.S.A. botoia, T.E.S.A. botoia eta T.K.S.A. botoia. Ez ukitzeko.

Sartu zen gure gizon trebea eta, pixa zarra-zarra eta kaka par-par egin ondoren, eskuin aldeko lau botoien zera hark atentzioa eman zion. Eta tentazioa. Komun-ontzian eserita zela, lehen botoia, G.S.A markatzen zuena, sakatu zuen (Garbiketa Sistema Automatikoa). Atzetik aurrera eta aurretik atzera, halakoxe ur epel igurtzi goxoa sumatu zen bere azpietan. «Hauk duk, hau, gozamena! -egin zuen bere baitan-. Orain entenditzen diat, orain, zergatik egoten diren hainbeste denboran emakumeak hemen».

Harekin aski ez, noski, eta L.S.A. (Lehortze Sistema Automatikoa) markatzen zuen botoia sakatu zuen hurrena segidan. Orduan, haize zurrusta bero ezti batek lehortu zizkion atzeak eta aurreak. Atseginetan zen gure gizona, ezin fede emanik halako atxamarta miragarriari. Nork esan behar zion hari handik altxatzeko? Ezta…!

Hirugarren botoia, T.E.S.A. (Talkoa Ezartzeko Sistema Automatikoa), sakatu zuenean, hari zuntz mehez egindako eta talko usain goxoz bustitako ponpoilo batek igurtzi zizkion azpiak eztiki, atzetik aurrera eta aurretik atzera. Hura mauka; ezta labe gainean ilargia eukita ere halako suerterik eta plazerrik!

Behin hartarainoz gero, nolatan utziko zuen, bada, laugarrena probatu gabe? T.K.S.A. Zer arraiotarako ote zen hura…? Sakatu zuen eta… kito, akabo: konortea galdu zuen zeharo… Esnatu zenean, ohe batean etzana, ez zekien non zegoen, zer ordu zen, ezta hara nork eraman zuen ere.

Halako batean, neska erizain bat hurbildu zitzaion, txit onbera, eta ospitale batean aurkitzen zela adierazi zion, egoteko lasai, bi egun lehenago iritsia zela hara xok traumatikoan eta, hiru medikuren lan eskergari esker, bizi ezaugarriak normalizatu xamarrik zeuzkala dagoeneko; suerte oneko zela…

—Gure abioiak istripu latzen bat izan du, ala!? –galdetu zuen eriak.

Eta erizainak:

—Ez, jauna. Zuen hegazkinak normal lur hartu zuen Dubain herenegun.

—Zer demontre gertatu da, orduan, ni hemen honela egoteko?

—Begira, jauna. T.K.S.A. laugarren botoia sakatzearekin, pertsonon azpien aurreko partean indar xurgatzaile izugarria eragiten duen mekanismoa aktibatu zenuen, tanpoi itxurako zernahi luxe , xamur, ttenttearen bila… T.K.S.A. delako horrek “Tanpaxa Kentzeko Sistema Automatikoa” esan nahi du. Beraz, almohada azpian, kaxa batean gordea, hortxe duzu zure zakila.

Bizargorri, 2019-01-16

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2019
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031