HIRU GALBAHEENA | Bai Horixe - Bizargorri >

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HIRU GALBAHEENA

Gaur egun, eskuarteko modernoak medio, modako dagoen arren hurbil-hurbileko jendeagandik ihesi joan eta urruti-apartekoekin harremanetan jartzearena, oraindik ere bada, zorionez, gurean behintzat, eguneroko lagunarte gozo atseginik. Badenez! Lege zaharrera: elkar bilatu, bostekoa estutu, elkarri lepokada batzuk eman eta denbora pasa, zurrut eta ziri. Euskaldunon esaera zaharra da: «Ardi zaharrak laguna nahi». Laguna, adiskidea, gogaidea… Txoriak bere habia du, armiarmak bere sarea; eta nor denak, adiskidetasuna.

Baina (beti baitago “baina” bat denetan, alajainetan), baina, beste euskal atsotitz batek dio: «Hamar adiskide, bederatzi adar ustel». Esajeratu samarra dirudi. Baina (berriz ere), txera on askoren azpi-azpian, azal-huskeria eta itxurakeria da nagusi batzuetan. Batzuetan, odolkiak ordainetan gabe, trikinosia zainetan. Lagun usteko batzuek sarrixko darabiltzatelako gezur mozorrotu eta egia puztuak. Halakoak lainoen antzekoak dira: joaten direnean, eguna argiago ageri da.

Inauteriak han-hemen euskal herrietan laster hasiko diren honetan, bada pertsonaia bat oso ezaguna, txit estimatua, askoren ustezko laguna: “Ziripot”, Lantzeko inauterietakoa, jakina. Inork ez dio, ordea, erreparatu bere izenari: ziri eta pot. Pot horrek “muxu” esan nahi du, laztan, pa; eta “ziri” delakoak, aldiz, eztenkada, ziztada, putada… Horretaraxe netorren, hain xuxen: zenbaitetan, ustezko adiskideek zeremoniazko emetasunak egin arren maiz, alu gaizto galantak fortunatzen direla txitean-pitean; ziri potolo, alegia.

Eta ez dira, ez, gaur goizeko kontuak, agidanez. Sokratesen garaian ere baziren, nonbait, hala-moduzko lagunak… Behin, bisitan etorri omen zitzaion hiritar ezagun bat, esanez: «Ba al dakizu zer jakin berri dudan gure adiskide halakoaz? Badakizu zer…? Sinesteak ere lanak ditu…!».

—Zaude pixka bat –erantzunik izango zion Sokratesek–. Zaude. Ezer niri kontatu aurretik, inporta ez badizu, utzidazu hiru galbaheren proba egiten.

—Hiru galbaheren proba…?

—Hori da; bai. Inorenik ezer konatu baino lehen, ondo dator astia hartu eta zer dakarren berri bahetzea. Hiru galbaheen testa deitzen diot nik. Lehena, egiaren galbahea duzu. Egiaztatu duzu esan behar didazuna zinez hala denik?

—Ez; entzun egin dut nik.

—Ondo da. Ez dakizu, beraz, egia ote den… Goazen bigarren galbahera, ontasunarenera. Gure lagunari buruz kontatu nahi didazuna, ona da?

—Ez, ez. Alderantziz erabat!

—Beraz –zalantza balantzan jarriz, Sokratesek–, kontu itsusiak kontatu nahi dizkidazu gure lagunari buruz eta egiazkoak ote diren ere ez dakizu. Bejondeizula. Agian eta akaso, ordea, hirugarren galbahearen proba gaindi dezakezu, hala eta ere; beharbada. Onura, probetxua, etekina. Gure lagun horri buruz esan nahi didazuna onuragarri eta probetxuzkoa izango da guretzat?

—Ez; seguru ezetz.

—Beraz –bukatu zuen Sokratesek–, kontatu behar zenidana ez egia, ez ona, ezta probetxuzkoa ere da. Zer dela-eta, hortaz, kontatu nahi zenidan…!?

Eta esaera zahar eta kontu zuhur eta atsotitz gabiltzanez gero, horra azken beste bat: ez ezazu ahorik ireki, egundo!, ez bazaude ziur esatera zoazena isiltasuna bera baino ederragoa dela. Isildu egingo naiz neu ere, badaezpada…

Bizargorri, 2019-01-23

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2019
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031