>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HAMAIKA IKUSTEKO…

Baserrian argirik eta urik gabe jaio, su-bajuaren ondoan hazi eta arropak garbitzera (lixiba, gobada egitera) errekara joanez koxkortu ginenok hamaika ikusteko jaio ginen, ala Jamaika! Mundu zeharo berri bat datorkigu, agidanez; burutik pasatzen ere ez zaiguna. Aurki, urte gutxi barru, arraina larrean bezala sentituko gara geure egunerokoan. Iristen bagara gerora, behintzat.

Izan ere, hauxe da aldaketa, berrikuntza eta mudantza pilo izugarria heldu zaiguna! Hainbeste eta hainbesterainokoak izaki aldaketok, nondik hasi ere ez dago erraza. Gutxi batzuk aipatzeari ekingo diot, axaletik… Argazkiak, esaterako. Denbora asko ere ez dela, zeinek esan behar zigun guri, fotografiak ateratzeko argazki-makinarik ez genuela beharko…? Gaur egun kamera aldiro dugu eskura segapotoarekin. (Barka hitz antigoaleko hori; sakelakoarekin). Duela 21 urte, Kodak-ek 170.000 enplegatu omen zeuzkan, munduko argazki-paperaren %85a omen zuen saltzen… Urte gutxian, ez da haren guztiaren aztarrenik ere. Zeinek esan behar zigun!? Badirudi, beste bost-hamar urtean, atarramendu berbera izango dutela industria eta lanbide askok eta askok.

Autoak. Laster garajeak, autoak konpontzeko lantegiak, desagertu egingo omen dira arruntean. Auto elektriko hondatuak ez bide direlako konpontzen ohiko kontzesionarioetan; eskualdeko lantegi bakarrera eramango omen dira, han robotek birmolda ditzaten. Gure herrietako kale-kantoietan, gasolindegiak ez baina, elektrizitatez hornitzeko atxamartak izango omen ditugu. Auto-autonomoak, berriz, martxan omen dabiltza jadanik hor-han zehar. Lauzpabost urteren buruan, jende askok bere autoari telefonoz deituko omen dio, eta etxe atarira etor dakion aginduko. Egungo umetxoek ez omen dute gida-baimenik atera beharko; ez omen dira ezein autoren jabe izango…

Softwarea. Sortu zitzaigun, sortu! Geroz eta gehiago sortuko eta baliatuko omen da ohiko industrian. Hor da UBER zorionekoa, delako software horretxen adibide eta baliabide: ez bide dira automobil bat bakarraren jabe; hala eta ere, munduko taxi konpainiarik handiena omen da. Galdetu, bestela, taxista arruntei… Bestalde, Airbnb izenekoa omen da oraintxe lurbira guziko hotel konpainiarik handiena ezein eraikuntzaren jabe izan gabe. Harrapazank hori…!

Inteligentzia artifiziala hemen omen da. Konputagailuak jarriak omen daude jada mundu hau ulertzeko, nahiz kudeatzeko, tresnarik onenak. Aurten bertan, dagoeneko, konputagailu batek irabazi bide die munduko “Go-Player”-eko jokalaririk onenei. Ameriketan, jadanik, abokatu gazteenek ez omen dute non bere lana eginik; zergatik?, bada, IBMren Watsonek, segundo gutxitan, lortzen bide duelako aholkurik bidezkoena, zuzenena, erabakigarriena.

Osasuna. Konputagailu horrexek laguntzen omen die medikuei minbizia detektatzen, inongo mediku talde adituenak baino lehenago eta zehatzago… Ba omen dator Star Trek esaten diotenaren “tricorder” aparatua, osasunbiderako gailua: norberak bere telefonoz erretina (begi-sarea) eskaneatu, arnasaren zantzuak jaso, odol lagina aztertu…, eta kito! Hala, gisa horretan, geure osasun gorabehera guzti-guztiak jakin ahal izango omen ditugu, ttak…!

Gure aurrekoengandik zera esaten genuen sarritan: «Ze pentsauko ote zun gure amonak hau-ta-hori-ta-hura-ta bestea ikusi izan balu? Burutik pasa’re etzitzaion eingo, halakorik sekula santan gerta zitekeenik’e…!». Gure txanda da orain. Mundu berri baten atarian gaude, hamaika ikusteko… Iritsienean.

Bizargorri, 2019-01-30

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2019
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031