>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

SANTA ESKEAN

Santa Ageda bezperan ari natzaizu, irakurle zintzo, zuk Santa Ageda biharamunetik aurrera irakurri ahal dezazun, zer?, eta kontatzera natorkizun pasarte xume pikaro jostaria. Gaurko egun honi, segun eta non, hamaika era diferenteetara deitu izan zaio: Santa Ageda bezpera, Agate Deunaren jaia, Santa Ageda eskea… Hasteko, eta gauden puntuan jartzeko (ez tokia betetzeko soilik), han-hemen nonahi gaurko egunez kantatu ohi den bertso printzipala eskainiko dizut lehendabizi, zeuk ere ondotxo dakizuna buruz:

Zorion etxe hontako denoi! / Oles egitera gatoz,

aterik ate ohitura zaharra / aurten berritzeko asmoz.

Ez gaude oso aberats diruz, / ezta ere oinetakoz;

baina eztarriz sano gabiltza / ta kanta nahi degu gogoz.

Gaiaren sarrera egin eta gero, goazen nahiaren atarian barrura. Batetik, nondik ote datorren ospakizun bitxi hau; eta, bestetik, berriz, nola ospatzen dugun, zergatik eta zertarako, Euskal Herrietako eske festa tradizional hau, Hondarribiko Zokoa auzoan zazpi-zortzi zoro zaharrek, eguerdi partean.

Nik esan gabe ere badakizu dagoeneko historia, noski, baina, labur badarik ere, badaezpada, Santa Ageda hori Siziliako Katanian jaio omen zen 235. urtean; Kintziano gobernatzaileari txit gustatu, ezkontzeko gogotik eskatu, neskak ezezka protestatu…; kartzelara eraman, jesusenak eta bi eman, bularrak moztu teman eta… akabo: ez zen gajo harenik jakin gehiago… Gerora, urte luze mutuen denboran, Eliza kristau katolikoak gaurko eguneko santa ipini zuen.

Zer ikusteko du horrek guztiak, ordea, gure euskal herriotan antzinatik egiten dugun santa eskearekin? Badirudi baduela, bada. Kristau fedea lurrotara etorri aurretik ere bazen hemen jendea. Urteko sasoi honetan bistako zegoen eguna luzatzen hasia zela, eta, kimatze edo inauste garaia izaki, pozak eraginda edo, ba zituzten beren erritoak, ohiturak, ospakizunak. Horietatik, nonbait, sortu bide ziren inauteriak. Inauteri paganoak. Eta eliza katolikoak ezer egin badu, horixe: festa paganoak bereganatu. Arbolari adarrak inausi, Santa Agedari bularrak moztu…; beraz, jar dezagun gure jaia inauterietan. Geroztik, jantzi tradizionalez, makilaz lurra joaz, kopla zaharrak kantari, Santa Ageda aitzakia, hemen gabiltza euskaldunok zerbaiten eskean.

Hori guztia jakinki, eta, urte guztian eguerdiro baxo-erditan diru pilak utziagatik, gure tabernariak, barra bete pintxo izanarren, batere eskaintzen ez zigula ikusirik, zerbait egin beharra zegoela erabaki genuen Zokoako zazpi-zortzi zoro zaharrek. Guk aldiro haginak gose eta begiak zuri… «Zerbait ere eskaini beharko ziguk ba, arraioak ez baditu!». Eta duela hiru urte kantatu genion estreinakoz, gaurko egunez, honako kopla hau, zaharren artean berria:

Zelai erdian loreak argi, / larros, krabelin ta lili…

Etxe hontako Antoniokin / guztiok gaude famili.

Pintxo goxoak, mendreskak-eta, / sortzen digu kili-kili.

Atera zerbait, beti eskean / ezingo gera ibili!

Kantatu bagenion, kantatu genion, ba! Bai tabernari jaunak mendreska puska eder askoak atera ere. Hasieran mixkili-muxkulu, baina tira. Harrezkero, bi egunez behin atera ohi digu platerkadatxoren bat aho gozagarri… Zuri ere antzekorik gertatzen bazaizu inon, badakizu zer egin: santa eskean hasi!

Bizargorri, 2019-02-06

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


febrero 2019
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728