Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

DON SANTIAGOREN ZEZENA

Santiago Abascal jauna Bilbon jaio zen 1976ko Errepublika egunean. Jan eta lo eta bizi, Llodion kontzejal, Gasteizen Batzar Nagusietako kide, Madrilen auskalo zereko zeraren zeratan, kargu publikoan “funtziona, funtziona!”, bapo!, kolpe zorririk jo gabe, zertarako lanean hasi…? Kontua da, zezenzale sutsu dela, espainiar amorratu bezainbat; eta hiru-buztanek (PP, C’s, VOX) hiru gurari dituztela: piperpotoa, paella eta zezena. Jakina. Jendeak ez dakiena da, ordea, Don Santiagok egundoko zezena izan omen duela Andaluzian, bere lagun min Morante toreroaren zainpean. Eta inortxok ez dakiena da zer gertatu berri zaion zezen horrekin. Goazen zezenari adarretatik heltzera…

Ingurumari guztiko zezenik ugalkorrena zela eta, orain urte batzuk hurbileneko ganaduzaleak beren behiak umatzera harengana eramaten hasi ziren; diru trukean, bistan da. Berehala konturatu ziren zezen hark behi guzti-guztiak (antzuren bat salbu) jartzen zituela ernari, eta hark estalitako behiengandik jaiotzen zirela txahalik ederrenak, sanoenak, gurienak. Eta ez bakarrik ondora eramaten zizkiotenak: bere tirabidean ikusten bazuen behiren bat ume-eske, inguratuko zitzaion tipi-tapa eta, gainera igota, tiki-taka estaliko zuen. Jo-ta-sua, nekatzen ez zen ugaltze lanean zezena.

Behin, bildu dira ingurumari hurbileko ganaduzaleak eta erabaki dute zezen hori erostea. Joan dira jabearengana eta esan diote:

—Don Santiago, zure zezenaren premian gaude. Beti joan-etorrian gure behiak estaltzera eramaten eta bueltatzen zure mende ibili beharrik gabe, erostea pentsatu dugu. Jarri zeuk prezioa, guk erosi egingo dizugu eta.

Don Santiagok, ordea, bere zezena saldu nahi ez hola-eta-hola; eta markatu die prezioa markaz fuerakoa, itxuragabekoa erabat, esajeratua… Ganaduzaleak izutu dira entzundakoarekin eta, egun gutxiren buruan, purrustaka haserre, jo dute herriko alkatearengana, esanez alegia, ez zegoela horretarako eskubiderik, zezen harekin beren behiak umeginagoak izaten zirela, jabeak ezin gorago altxatu ziela salgaia, eta laguntzeko nola-hala…

Alkateak herritarren arazoekiko sentiberatasuna izaki eta animalia haren haziaren balioaz eta premiaz jakitun, zer egingo?, eta joanda berak erosi ez zuen, bada, zorioneko zezena! Hori bai, udal-herriko diruarekin, noski. Ikuilu dotorea eta zelai txukuna prestatu zezenarentzat, eta “udal-ondare” egin zuen, bizilagun guztientzako zerbitzura, nahierara.

Estreinako egunean, ganaduzaleek beren behiak zezentzera ekarri, lehenengoa aurrean jarri eta… kieto!, zezenak ezta zirkinik ere.

—Behiagatik izango duk –esan zuten–; hain argala zagok, izan ere.

Holandako txapelduna jarri hurrena, usaindu eta… akabo! Deus ere ez. Banan-banan behi guztiak ondoratu eta… zezena ezta mugitu ere. Alkateak sutan Don Santiagori deitu, bertara etorrarazi eta arazo hura konpon zezala agindu zion, berak ez zituela-eta herritarren dirutzak alferrik enplegatu, zezenak ez funtzionatzeko… Don Santiagok, orduan, zezenari belarrira:

—Zer ari haiz, anaia? Ez al duk ba lanik egin nahi, ala…!?

Zezenak, lurrera etzan jira-bueltaka eta zaldalea irabazten ari zela, pozik:

—Lana egin…!? Ni ere ez nauk ba hi bezala kargu publiko funtzionario? Zer ikusi, hura ikasi. Funtziona, funtziona…!

(Bilintxen esanean: «Ez funtzionario denak igual direlako, baizik batzuk izua sortzen dutelako»).

Bizargorri, (2019-02-20).

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


febrero 2019
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728