>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

DEABRUA JAIZKIBELEN

Famatua egin da aurten Hondarribian, Amuteko paduran, agertu omen den boa suge tzarra; baina izan dira hemen piztia agertze harriagarriagoak. Entzun… Gaintzako Ramon Azkarai, hemezortzi urte zituela, ardiak hartu eta Jaizkibelera etorri zen, 1951n, urtero bezala, negua igarotzera. Hondarribiko mendi-magal hauetan zebilela, behin, Larrezuri baserri aurretik pasatzerakoan, bertako bi mutikoak, lehendik ezagunak, harrigarri xamar somatu zituen: burutik behera zaku zahar bana zeramaten eta begietan izu berria zintzilik. «Zer duzue, mutilak?» galdetu du eta «Deabrua dugu ganbaran!». Ramon harritu da seko. Sartu da sukaldera… Han zeuden gainerako etxekoak errosarioa errezatzen marmar-marmar; eta beheko suaren txingarretan eltzea egosten poll-poll.        Beldurra hezurretaraino sartua ikusi zien denei. Ganbarako nobedadearen galdera egin zion zuzenean nagusiari, eta honek baietz, deabru madarikatua agertu zitzaiela ganbaran, bisita malapartatua zeukatela. «Gure aitaren etxea deabruak hartua, alajaina!», esaten zuen. Ramonek, orduan, bere laguntza eskaini zion zernahitarako. Gustura egingo liokeela begirapen bat ganbarari, ea zer demonio ote zen; deabruak ez dakarrela gauza onik inora eta akabatu egin beharko zutela: akabatu eta kito. «Egundaino bada, azkar gainera!», etxeko nagusiak esan eta igo dira poliki ganbarara. Hantxe zegoen deabrua, larru beltz jantzian, sabaiko habe batetik zintzilik, mutur gorrian irria, keinua eta iseka. Deabru beltza sabaitik zintzilik burla jarioan ikusita, jaitsi dira atzera Larrezuriko nagusia eta Ramon Gaintzakoa sukaldera. Zer egingo?, zer egingo…?, eta erabaki dute, ala demonio!, akabatu beharra zegoela hura lehenbailehen. Etxekoandreak eskukada bat gatz hartu eta sutara bota zuen: zirripi-zarrapa zart! Gizon biak, ukuilutik sarda eta aitzurra harturik, abiatu dira ganbarara berriz ere…

Gora iritsi orduko, lepo luzaka, han bistatu dute demoniatua, habearen oinean keinuka eta imintzioka. Bero-beroan «Goazemak…!» elkarri esan, salto batean sartu dizkio batek sarde burdin hortz zorrotzak bularretik habearen kontra, eta tinkiti-tanka jo ere bai besteak, gupidarik gabe, aitzurrez burutik behera. Haren garrasiak, lepoko zainak eten zori! Azken arnasa bertan bota zuen. Akabatu, akabatu zuten. Gero kontuak. Izanez ere, deabru itxura hura ez omen zela guztiz normala; lurpean sartuta ere, haren izpiritua bizirik aterako ez ote zen nondik edo handik… Komeriak. «Erre egin beharko diagu, badaezpada», deliberatu zuten. Urteroko zerria nola?, bada halatsu: iratze idorrez estali eta eman diote su… Larrezuriko atari aurrean ganbarako deabru hori sutu eta kiskali zuteneko, hara non agertzen zaizkien bi militar, Jaizkibeleko gotorlekukoak, soldadu xehea bata, kapitaina bestea. (Orduan soldaduak beti baitziren han).

Erregalatu berri ziotela berari, kapitainari alegia, eta ea inguru haietan ikusi ote zuten kasualitatez bezperan galdutako tximu bat, beltxa, jostaria, maitagarria… Errautsetara begiratu zuten denek. Kapitainaren garrak eta suak ez dira esatekoak, baina «Ignorantes!»esanda alde egin zuen, madarikazio soinuan.

Bizargorri, 2019-03-06

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


marzo 2019
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031