>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HEMEN DA HAMALAUZANKO…!

Franco bidegabea izan bazen, gaur ere bada bidegabekeria franko; injustizia franko badenez, espainiar auzitegietatik euskal herri eta abarrekiko; sarri eta mingarri, alazankoa…! Justizia-etxe omen denak, Auzitegi alimaleko horrek, lau zanko zikin lotsagabe erakutsi dizkigu azken boladan (beste askotako besteak beste): Madrilen bertan bat, Altsasun bi, Iruñan eta Amurrion beste bana. Haserrea, ernegazioa sortzeraino. Justiziarena ezin ulertzeraino…

Hala zioen Iñigo Aranbarrik duela gutxi: «Kataluniakoa dela, Altsasukoa dela, ezin aurkiturik nabil hitz egokirik Espainiako Justiziarena definitzeko». Gu ia denok bezala. Inoren burutan sartzen ez baita halako “okerra”… Baina, ulertezinik ulertezinena, batzuetan behintzat, arrazoibiderik sinpleenak argitzen du. “Erorien Haranetik” Franco atera-ez-atera egunotan dabilen xextran, Xabier Amurizari Zornotzako atso batek eskaini omen zion argumenturik biribilena: «Francok ezin du hor egon; ez zelako gerratean “erori”, ohean zaharrik hil zen eta. Ez dagokio toki hori eta kanpora hortik!».

Egunotan, bestalde, denon ahotan ibili da Altsasuko zortzi mutil gazte errukarriei ezarri berri dieten sententzia, guardia zibil parearekin eta beren neska-lagun birekin izandako sesioaren ondorioz batek txorkatila bihurritu zuela eta. Zein zentzudunaren burutan sartzen da horregatik hamahiru urte bitarteko kartzela jartzea!? Eta, bitartean, kartzelan daramate  bi urte eta erdi. Alegia, batetik, “gehiago izanik, nagusikeria erakutsi omen zuten”; bestetik, diskriminazio ideologikoarena asmatu dute, eta, hortaz, kategoria juridiko desberdina du polizia batekin istiluak izateak Euskal Herrian edo Andaluzian (esate baterako); eta, azak ontzeko zer?, eta kasuan epaile jarri nor?, eta guardia zibil baten emazte dena eta beste bi gizaseme Guardia Civil-ek medalleztatuak ipini dituzte juez: harrapa ezak apoa buztanetik…! (Eta behin Altsasun jarrita, aipatzekoa da Miren Arizaletak idatziz esan diguna, Pablo Casado PPkoak eta Enrique Inda kazetariak “Koxka” tabernara, lotsagabe gaiztoz, egin berri duten bisitaz: «Altsasu ez da, nonbait, hain arriskutsua ere; zeren, eskuin muturreko españolista izan arren, Koxka tabernara elkarrizketa bat grabatzera baimenik batere gabe joan zaitezke eta herri minduaren aurrean burla-barrea egin; eta, noski, gorrotoaren politika egin ondoren, zazpi azaleko kopetarekin etxera itzuli, hortzak eta haginak bere lekuan direla»).

“Manada” deituaren kasuan (Iruñan, Sanferminak, gaueko ordu ilun txikiak…, bost gizon sendok neska hemeretzi urtekoa eskailerape batean inguratu eta bana-banan bortxatu), zer esan? Nola “jan” liteke bostak kalean libre dabiltzana!? Haiek ez al zuten, bada, gehiago izanik nagusikeriarik erakutsi…!? Bada beste kasu bat ere, hedabideek ahaztua: polizia jubilatu batek euskal presoen aldeko pankarta ikusi Amurrioko baserri batean eta pistolaz tiroa bota zuenekoa. Kristal hautsiak, besterik ez, eskerrak… Jaun jubilatu hori libre dabil, lasai ederrean. Berak ez al zuen diskriminazio ideologikorik…!?

Espainiako Justizia honek ez du, inola ere, justizia logika zuzenetik deus. Gorriak ikusten ari dira zenbait euskal etxetan. Halere, nago ni, ez ote gauden istilu gorriagoak ikusteko, alazankoa, datozen hauteskundeetan lau buztaneko (PP-Cs-UPN-VOX) hamalauzankoa gailentzen bada. Hamalauzanko, antzinako deabru gaizkin izugarria, umeok izutzeko gure zaharrek aipatu ohi zigutena.

Bizargorri, 2019-03-13

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


marzo 2019
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031