Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

AULKIA ERRE BEHARRA

Xelebrea gertatu berri zait. Xelebrea ez, alukeria galanta. Orri bete-beteko artikulua idatzia neukan; kontent nintzen egindakoarekin. Eta, zerbait gehiago erantsi nahian, hasi naiz lan ustez errexean, eta hara…!, den-dena geratu zait ezerrezean! Madarikatzen gero, ekin diot okerra zuzendu nahiari eta… keba! Modurik ez inola demonio! Ezer aurkitu ez, eta galduak galduago uzi ditut. Bazterrak endredatu besterik ez dut egin, horra. Dedio…! Hots egin diot lagun adituari (berandu), arazoa konpon ziezadan, baina alferrik: hark ere ezin… Atzo lana inprimatu izan banu, sikiera, gehienetan bezala; baina ezta hori ere! Ez zait sekula santan halakorik gertatu. Makina zikina, urde kotxina…!

Beraz, barka, baina orri berria goitik behera berriro betetzeko astirik ez aski, eta arrapaladan ari naiz zer esan ez dakidala… Eguraldiaz ari nintzen atzokoan. Zer esanik ez dagoenean, betiko topiko tipikoa omen dugula eguraldiaz mintzatzearena. Nire kasuan, ezetz; zer esanik franko baneukala. Zozoa eta birigarroa ikusi nituela auzoko belardi hezean zizaretan mokoka; txantxangorria eta txepetxa ere antzeko egitekotan ibiliko zirela non edo han; kukua aurreratu eta dagoeneko kantari hor hasia zaigula, gerritik beherako bere pijama zuri-grisarekin; udaberria ere aurreratu egin zaigula: loreak, epelak, lehorrak…; martxotik uztailera saltatu ote dugun gaudela, hotzak eta elurrak eta haizeteak eta euriak aurtengoz joanak direlakoan… Eztez, egoteko erne, hau ez dela-eta berri-berria: gure zaharrek ere ezagutu zituztela otsail-martxo onak eta apiril-maiatz gaiztoak… Ormaiztegiko Iraiko Mariarrosariok esan ohi zidan bezala: «Atsok aulkie erre bear izan’men tzon maiatzen». Berotuko bazen, negu parteko egurrak denak erreak izaki aurretik.

Eta ondoren, “zozomikoteena” aipatzen nuen, martxoaren azken bi eta apirilaren lehen bi egunak (egun eta erdi, bi egun, bi egun eta erdi, segun) urte sasoi honetako eguraldiaren historia delako. Modu askotara kontatzen da kontu hau. Eta nik oraingoan, ezinbestean, atzo neuk idatziak gogora ekarri ezinean eta orri hau nolarebait betetze aldera, Xabier Azurmendiri eskatu diot laguntza. Hari andre zegamar batek esana da hemendik aurrerakoa, “Atzoko Zegama” liburuan dakarrena. Goza ezazu, zuk behintzat. (Ni sutan nago oraindik-eta, laratza baino ere mutur beltzagoarekin).

ZOZOMIKOTEAK. (Zozo-mikotek edo bikotek, zozoak lokatzen diren aroari deitu ohi zaio). Martsui artzai’atek arkumea eskintze’mentzion, egoaldi ona ein tzezan. Artzaie re aspertu beti ematen, da urte ‘aten ez mentzion ezer eskeñi; ta, gañea, Martsui parre ei’mentzion au esanez: «Martsue martsalen/, diat esker gaizto/. Nê ardîk elbarrianak/ ein tziok errekei salto».

Martsun aizkenetan zan au… Au aitu zonen, Martsue asarrau ei’mentzan da apillei esa’mentzion: «Apil biribil/, ekaiek eun ta erdi/, artzai oni kendu dezaioan/ eun ardi ta begi bakar ori».

Martsuk Apillen eun da erdik bere ein tzitun da eun oritan ikaragarrizko eurik bota zitun. Artzaiei urek artaldea eaman tzion… Ontan, uren gañen, ârie ikus tzon igariñ… Ârie beintzet salbau bear tzola ta artzaie uretan sartu zan da ârie bizkarrea jaso zon errekati… Ârik kolpe ein da adarrakin begi bakarra etâ zion… Arrazkio, zozo-mikotetan egoaldi txarra eite mendo.

 

Bizargorri, 2019-04-10

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


abril 2019
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930