>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

OSAKIDETZAZ, AZALETIK

Hilabetean deus idatzi gabe, gaur heldu diot berriro nire asteroko eskribitze lanari, asteazkenero, Ordiziako peri-egunarekin zuri, irakurle laztan, irakurgai entretenigarria eskaintzeko asmoz eta ahaleginez. Duela hilabete pasa, eskuin eskuan ebakuntza egin zidaten eta, ezkerrez bakarrik baliatu ezinean, oporralditxoa hartu nuen blogean idaztetik. Gorabeherak gorabehera, ondo joan da ebakuntzarena, zorionez; azala geratu zaidala zatar samar, zauri gorri. Dena dela, jarriko omen da bere onean, urteak joanean, agidanean…

Eta azalaz ariki, dena esateari ekinik, burutik hasi eta oinetarainoko azal-larru guztian ahul eta belaxka nauzu ni jaiotzatik. Ez da elorrio ikustea, baina bai urrategi. Zahartzaroan orain, hortaz, arazoak ageri zaizkit azalean sarri. Lasai, halere… Nire adin honetan, bat ez bada beste, beti bada zerbait arazo; eta ez dadila falta, baldinbaitere!, bera da-eta bizirik nagoen seinale.

Azala… Azala aitzakiatzat hartuta, badaukat zer esana. Izan ere, azken hilabeteotan ez gara andrea eta biok ospitaletik, anbulatoriotik, farmaziatik aparte ibili, derrigorrean, ebakuntza egin berria dela, azal erre zaharra dela, aholku eta botika bila. Eta joan eta etorri, eta aurrera eta atzera, eta mediku zain eta erizain, asko ikustea tokatu zait, zaigu. Horretara nator. Orain urte batzuk dena eder on ikusten nuena gure Osakidetzan, aldaturik sumatu dut; okerragora, noski. Ez osasun sistema osoak txarrera egin duelako, agian; baina bai, bere alderdi itsusia gero eta ageriago duelako, agidanean.

Batetik, egunotan hedabideak batere gupidarik gabe esaten ari zaizkigu, botika behar-beharrezko batzuen hornikuntza geroz eta eskasagoa dutela gure farmaziek; bestetik, zahar etxeetako langileen gehiago ezinaren minak greba ekarri duela, arrazoi guztiz. Gainera, bolo-bolo dabil notizia hau ere: erizainak geroz eta urriago omen dira gure ospitaletan. Orain denbora asko ez dela, kanpora joan behar, erizainek, eta orain etxerako ere falta. Kontxo…!

Notiziak notizia, neure egunotako eskarmentua ere hortxe dago. (Alde batera utziko dut bi administrazio enplegatu harroxkok, bik, erakutsi didaten laineza eta petralkeria. Ia denak txit jator zaizkit portatu). Etxeko mediku edo ohiko sendagilea, zerbait zalantza edo osasun gorabehera dugunean guretzat omen dagoen hori, aspaldiko urte askoan beti bat izan da. Guk bera bezainbeste ezagutzen gintuen gu berak. Ba…, to! Nik (guk, hobeki esan; asko garelako) gure herrian dozena bat urtean bospasei izan ditugu. Eta ez dago deretxorik: zainduko gaituena ezagutu orduko, aldatu egin izan digute.

Lehengoan joan nintzen, kopetako azalean arazoa nuela eta. (Ez ditut nik zazpi azal, zenbaitek bezala). Mediku dama berri batek artatu eta ukendu bat agindu zidan; ukendu txoil garestia. Hogei bat egunez goizero eman eta eman, kraka zikina sortu zitzaidan kopetan, ezker-eskuin. Kezkati joan nintzen berriro “ohiko” sendagilearengana… Beste batek errezibitu ninduen. Uf!, nire kopeta oso itsusi omen neukala eta ukendua erabat utzi eta antibiotikoa hartzeko hamar egunetan… Orduan, dermatologo batek ikustea gustatuko litzaidakeela aitatu nion, mesedez. Eta, ordenagailura begira luzaz egon ondoren, txanda eman zidan: 2020 otsailaren 22rako! Sei hilabete eta koska zain egon behar nik!! Koska handi samarra, ezer garaiz ondo sendatzeko, ez da hala…!!!?

Bizargorri, 2019-10-02

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2019
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031