Donostia izen-hitza nondik ote datorren adierazteko, oraindainokoan, badira hiru teoria. Honatx. Bat. XI. mendeko errege nafarren batek “Sanctus Sebastianus” deitu izan omen zuen; hori euskaraz “Done Sebastian” izaki, denboraren joaneko bilakaera fonetikoaren harira, Donebastian, Donebastia, Donostia gaur denekoan burutu omen da. Bi. Don+Ostia. “Don” dominus edo jaun omen da, eta “Ostia”, berriz, Erromako portua; nonbait, Ostiako erromatar soldadu santu martiri baten gorpua ekarri zuten lehen Easo zenera eta izena zioten tokiari aldatu. Hiru. Done+Ortzi. Done horrek “santu” esan nahiko luke; eta Ortzi, berriz, zerua, Paradisua edota euskaldunon jaun-goiko jentila litzateke (“r” letra “s” bihurturik, beste sarritan bezala: erran, esan; bortz, bost). Bada, ordea, kontuak kontu, beste iritzirik ere. Laugarren teoria? Horra.
Joan berri zaigun udan, argazkilari amerikar bat ibilia da, agidanez, Giralda eder famatuan argazkiak ateratzen. Hartan ziharduela, urre-koloreko telefono bat bistaratu zuen paretako apal batean, honako afixa edo kartel batekin: «10.000 euro, dei bakoitzeko». Harri eta zur eginik, ea telefono zera hura zertarako erabiltzen zen galdetu zion hangoxe apaiz bati. Eta apaizak, zeruarekin linea zuzena zutela handik eta, hamar mila eurorengatik, Jainkoarekin Berberarekin mintza zitezkeela. Ipuin kontagarri hutsa zelakoan hura guztia, buruari hazka eginez despeditu zen. Agur, Ben Hur. Aio, Pelaio.
Handik irtenda, berriz, Bartzelonako Familia Sakratuan zebilela, hara non ikusten duen telefono bera, afixa berberarekin, izkina bateko apalean. Begiak zabal-zabal eginda geratu zen. Sevillako telefono bera ote zen, bada, hura ere!? Eta monja bategana joanda: «Zer demontre duzue hori?», galdetu zion. Eta erantzuna lehenagokoxea jaso zuen; alegia, Paradisuarekin linea zuzena zutela handik eta, hamar mila euroren truke, ez merke noski, baina bai milagroski, Jainkoarekin hitz egin zezakeela edonork. “O.K. Moltes gràcies” esanda agurtu zuen amerikarrak dama lekaimea.
Burgosera bidaiatu zuen ondoren, Leonera hurrena, Asturiasera segidan, Santiagora gero, … Katedral bakoitzean telefono eta kartel berberei erreparatu zien: «10.000 euro, dei bakoitzeko». Ikusten zuen garbi, baina jaten ez zuen hura: «Amonak sinistuko dizue…!», bere kolkorako marmarka.
Handik, Kantauri itsasoan zeharka-meharka, Donostia hartu zuen azken bisita xede, «Hemen ere ba ote dute halakorik!?», bere buruari galdezka. Eta jo du Artzain Onaren katedrala; sartu da eta barrenean zer ikusiko, zer ikusiko…, bistaratu ez zuen, bada, telefono urrekara berbera! Hori bai, afixa arrunt zen diferentea: «50 xentimo, dei bakoitzeko». Harri eta belarri geratu baitzen, eliztar batengana joan eta, txunditurik, honela kontatu zion: «Begira, aizu. Penintsula Iberiar guztian zehar ibilia nauzu eta eliza gehienetan urre-koloreko telefono hauxe ikusi dut. Jainkoarekin linea zuzena omen duela esan didate; baina, hemen ez beste denetan, hamar mila euro kobratzen dute dei bakoitzeko. Zergatik hemen 50 xentimo besterik ez? Zer dela eta halako diferentzia…!?».
Eliztarrak irri bihurria egin eta: «Zu orain Paradisuan zaude –erantzun zion–; hau Donostia da; deia, hortaz, lokala duzu, bertatik bertarakoa».
(Done = santu, zintzo, aingeru… Ostea, ostia = jendetza, tropa, piloa… Beraz, Donostia = santu-tropa, aingeru-mordoa bizi den tokia. Hots, Paradisua).
Bizargorri, 2019-10-16